Bada zer hausnartua, erantzunak jasotzeko beharra. Camusen La peste; Soderberghen Contagiun; edo zergatik ez, Engelsen Naturaren dialektika. Bizitza kontraesana baita, gu garena eta aurkakoa, bizitzan bertan denez heriotza, eta gaixotasuna, hiltzen uzten ez diguna, seinalea, gaindituz gero indartzen gaituena, bizitzen jarraitzen laguntzen diguna.
Baina tapatuak gaude plastikotzarrez, birusarengandik babestu asmotan zimeltzen, immunitate sistema ahultzen, panazea bailitzan ditxosozko txertoa topatu artean. Eta orduan zer, baloiari ostikoa jo eta itsu-mutu-gor denok aurrera? Ez beza inork gaizki ulertu: garbitasuna, ardura, distantziak, isolatzeak. Neurrian.
Ez ginen alperrik behinola tximu itxuran, Afrika beltzeko sabanetako zuhaitzetatik jaitsi, dena hartu, dena usaindu, dena dastatuz. Geroz, pauso bat atzera eta bi aurrera Ipar Poloan, basamortuan, itsasertzean edo ibarretan, uraren inguruan lekutu eta zibilizazioak altxatzeko.
Ustekabeko astindu honek bizitzak erdigunean kokatzeko unea dela ohartarazi digu. Utikan amiantoa, poluzioa, erraustegiak! Sentitu kresala eta pago basoen freskura, igurtzi abereak, lokaztu eskuak, alboratu desodoranteak eta miazkatu izerdiak. Bizitza parez pare.
Ez gaude esku onetan, hor dago koxka. Mundua bi ardatz nagusitan. Ekialdea gora; mendebaldea behera. Europa zaharra zabuka. Gurean jakobino frantziarra iparraldean, Espainia beltza hegoaldean, luteranismo erreformatzailearen zantzurik ere ez sikiera, aginpide bakarra, autonomia saretua, herri azpiratua.
Alemaniar miraria diote. Ospitaletako ohe, zaintzaile, mediku, erizain, profesional bikoitza. EPIak, testak eskura.
Alemaniar miraria diote. Ospitaletako ohe, zaintzaile, mediku, erizain, profesional bikoitza. EPIak, testak eskura. Proportzioan sei aldiz hildako gutxiago. Murrizketak, zabortegi mafiosoak, tren bizkorrak; edo azak bestela. Arduradunik?
Erremintak behar ditugu, herri eta klase bezala ditugun beharrak asetzeko. Burujabetza, independentzia, antolaketa eta kontrol herritarra, euskal jendartearen bizitza bere osotasunean eraikitzeko.
Ezin ahaztu sarraski espetxeetan, herri aske baten ametsetan, 0 fasearen azpitik urte sailetan jator, umil, bizipoz, alferrikako kexarik gabe, eusten duten burkideak. Hurbilago sentitzen ditugu egun hauetan. Besarkada bana haiei.
Eta hiri, hagoen tokian, beste bat bihotzez, Iñaki.