Koronabirusa

«Espero ez genituen herritarrak ere batu dira»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko mai. 15a, 13:08

Arazoak izan ditzaketen baserritarrei laguntzeko sare berri bat osatzen dihardu Ibarrako Udalak. Aurreikusten zutena baino herritar gehiagok eman du izena, eta larrialdi egoerak iraun bitartean, martxan jarraituko dute. Aitor Jimenezek, Ibarrako Udaleko Ingurumen zinegotziak egindako lanaren berri eman du.

Alarma egoera dela eta, landa eremuan bizi diren baserritarrek haien jardunean izan ditzaketen beharrak bermatzeko boluntario sare berri bat osatzeari ekin zion Ibarrako Udalak, martxo amaieran. Erantzun ona izan duela dio Aitor Jimenez zinegotziak; oraindik ere, izena emateko aukera dute herritarrek, 648 102 809 telefonora deituz edo ingurugiroa@ibarra.eus helbidera idatziz.

Zer dela eta zabaldu zenuten deialdia? 

Herriguneko boluntario sarerako errazagoa zen herritarrak animatzea. Landa eremurako, baserritarren eskaera jaso genuen, eta ondoren ekin genion deialdiari. Aukera desberdinak mahai gainean jarri ondoren, argi zuten baserritarrek: beraiei lagundu ahalko zieten herritarrak nahi zituzten, sektorean noizbait aritutakoak edo aurretik ezagutza jakin bat zutenak. Herritarrak, gainera, prest azaldu ziren. Oraingoz ez dugu boluntarioen beharrik izan, Ibarran ez dagoelako Covid-19arekin gaixotutako baserritarrik. Hala ere, horrelako arazoren bat sortuz gero, irtenbideren bat emateko aukera zabaltzea eskatzen zuten.

Zein da egitasmoaren helburua?

Baserritarrei, hauek koronabirusagatik arazoren bat izanez gero, egin ohi dituzten zaintza lanetan laguntzea da boluntarioen helburua. Kontua da, gaixorik egonez gero, etxe bereko kide guztiek berrogeialdian egon beharko luketela, eta beraz, ukuilua etxetik kanpo dagoen kasuetan, edo ganadua mendian duten baserritarren kasuetan, ezinezkoa litzake horiek zaintzea, ezingo luketelako etxetik atera. Horregatik sortu zen boluntario taldea.

Eta zer-nolako erantzuna izan du herritarren eskutik? 

Aurreikusten genuena baino jende gehiagok eman du izena boluntario taldean. Gazte ugari ere batu zaizkigu. Guztira, dozena bat inguru izango dira, eta oraindik ere, deika dabil jendea, interesa azalduz. Ez dugu zerrenda luze bat nahi. Hobe da gutxi, baina aldi berean, konfiantzazkoak eta eraginkorrak izatea. Hasiera batean, profil horretarako jendea nahi genuen, baina azkenean, espero ez genituen herritarrak ere batu dira: baserri munduan aritzen direnak edo aritu izandakoak, eta herrigunean bizi direnak, baina sektorearen ezagutza dutenak. Udaletxetik ikasketak eskatuko bagenitu, jakitun gara ate asko itxiko genituela; beraz, hori alde batera utzi nahi genuen. Traktorean ibiltzen jakitea edo makineriaren maneiua izatea eskatzen da. Enpresa mundutik etorritako jendea ere batu da, zenbait makina erabiltzen badakitelako.

Nola funtzionatzen du boluntario sareak? 

Badakigu baserri bakoitza desberdina dela, eta lan egiteko mila modu dituztela. Hortaz, protokolo bat jarri genuen martxan. Boluntarioen zerrenda duen pertsona bat ari da koordinazio lanak egiten. Erosketa zerbitzurako, adibidez, zerrendako ordena mantenduz deitzen zaie boluntarioei. Baserritarrei laguntzera joateko, ordea, boluntarioek duten jakintza edo ezagutzari begiratuko litzaioke. Gero, boluntario bakoitza baserritarrarekin kontaktuan jarriko litzake, telefonoz, eta baserritarrak berak azalduko lioke lanak nola egin.

Nolakoa da Ibarrako baserritarren egoera? 

Denetik dago. Baserritar batzuk ez dira baserritik bizi; eraikina berrituta dute, landetxe modura jarrita. Kasu batzuetan, bertan bizi dira, baina euren lurrak beste batzuek ustiatzen dituzte. Beste batzuek, berriz, ganaduarekin jarraitzen dute; tartean, behi ugari dituztenak edota lauzpabost ardi besterik ez dituztenak daude.

Eta zein motako harremana dute herritarrekin? 

Oro har, ona eta estua da. Geroz eta gazte gehiago bizi da landa eremuan, eta era berean, gazte horiek harremana dute herrigunearekin. Bi eremuen arteko lotailu modura funtzionatzen dute. Horietako asko, gainera, gurasoak ere badira, eta beraz, haurrekin batera jaisten dira herrira. Lehengo baserritarrei gehiago kostatzen zitzaien herriarekin harreman hori izatea.

«Baserrian bizi eta herrigunearekin harremana dutenek, lotailu modura funtzionatzen dute»

Tolosan, adibidez, ekoitzitakoa ez galtzeko asmoz, 'Azoka Zure Etxera' egitasmoa jarri dute martxan. Ibarran pentsatu al duzue inoiz horrelakorik egitea? 

Egia esan, ganaduarekin ibiltzen direnekin arazoak egon daitezke, sanidade erregistroa dela eta. Hemen gehiengoa haragitako txekorrekin aritzen da. Hala ere, errazagoa izan zitekeen barazki eta landareekin lan egiten dutenekin. Horiekin hitz egin ondoren, esan ziguten euren kabuz kudeatuko zutela eta etxetik saltzen hasiko zirela.

Noizbait pentsatu al duzue asteroko azokarik egitea? 

Bi aldiz saiatu gara horrelako ekimen bat aurrera eramaten, bi gune desberdinetan. Erosleek, ordea, Tolosara joateko ohitura zuten. Jende gutxi ibiltzen zenez, ez zen batere errentagarria. Aukera desberdinak aztertuz, azoka berreskuratzeko asmotan gabiltza udaletik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!