Ibarrako saltoki ia guztietan dago euskarazko zerbitzua bermatuta

Irati Saizar Artola 2020ko maiatzaren 13a

Galtzaundi Euskara Taldeak Ibarrako 69 saltokitan euskararen egoera zein den aztertu du; saltokien %94an bada zerbitzua euskaraz eman dezakeen norbait.

2018an hasi zen Galtzaundi Euskara Taldea Ibarrako saltokietan euskararen gaia lantzen. Ibarrako Udalaren babesean, 68 saltoki bisitatu ziren hizkuntza egoeraren diagnostikoa egiteko. Eta behin azterketa eginda, emaitza eskuartean dute: saltokietako langileen %93k ulertzen dute euskara, eta saltokien %94an bada zerbitzua euskaraz eman dezakeen norbait. Beraz, Igor Agirre Galtzaundiko kideak azaldu duenez, Ibarrako 10 saltokitatik 9tan euskaraz egin daitezke erosketak.

2019an jarraipena izan du hirugarren sektorean euskara indartzeko egitasmoak Ibarran. Galtzaundiko teknikariek banan bana pasa dituzte herriko saltokiak. Aurrez aurreko egonaldi horietan saltokietako langileekin egon dira, eta hizkuntza aldetik zein den egoera aztertu dute: euskaraz badakiten, hitz egiten ez badute ulertzen ote duten edota arduradunek gaiarekiko zer ikuspegi duten, batetik, eta bestetik, kontsumitzaileari begira jartzen dituzten karteletan zein hizkuntza joera duten ere aztertu dute.

Bere garaian gauza bera egin zuten Tolosako zein Villabonako saltokiekin, eta Agirrek azaldu duenez, urteroko eta banan banako bisitek «emaitza positiboak» ekartzen dituzte. «Lehen momentuan egiten diguten harrera ikaragarria da; gu beraiei laguntza eskaintzera joaten gara eta guk horixe transmititu nahi diegu eta beraiek laguntza hori eskertu egiten dute», gehitu du.

Azkenean, guztira 69 saltokik osatutako lan unibertsoan egin dute egoeraren diagnostikoa, eta ikusi dute Ibarrako saltokietako arduradunen %80 euskalduna dela. Langileei erreparatuz gero, ordea, egoera are euskaldunagoa dela azaldu du Agirrek: «Ibarrako saltokietako 154 langiletik %80 da euskalduna eta beste %13 euskara ulertzeko gai da». Egoerak «hobera» egin duela dio 2018arekin alderatuz; izan ere, langile euskaldunen ehunekoa 7 puntu igo da urtebetean, langile erdaldunen beherakadaren ondorioz. Beraz, egoera Tolosakoa eta Villabonakoa baino hobea dela azaldu du Agirrek: «saltokietako langileen %93k ulertzen du euskara, eta saltokien %94an bada zerbitzua euskaraz eman dezakeen norbait». Gaineratu du ia saltoki guztietan euskarazko zerbitzua bermatuta dagoela.

Bestalde, Ibarrako establezimenduen euskara gaitasuna herriko eta Tolosaldeko euskara ezagutza datuekin alderatzen bada, batez bestekotik gora dago: hurrenez hurren, ibartarren %81ak eta Tolosaldeko biztanleen %84k ulertzen baitu euskara. «Euskaraz bizi nahi dugunok eta euskara praktikan jarri nahi duten horiek saltokietan kalean baino panorama oraindik ere hobea aurki dezakete», dio Agirrek.

Ibarrako Udalak, Euskara Zerbitzuaren bitartez bideratzen dituen laguntza, zerbitzu eta material eskaintzen berri emateko, herriko errealitatera egokitutako gida osatu eta aurkeztu da saltoki guztietan. Horrekin batera, saltokiek euskararen alde eman ditzaketen pausoen gomendio zerrenda ere jarri zaie eskura. Euskara zerbitzuko eskaintzaren, hau da, kartelen, euskalduntzearen, itzulpenen edo arlokako hiztegien berri eman ondoren, 2018an %47k eskaeraren bat egin zuen beren saltokian euskararen presentzia hobetzeko, eta %22k egin zuen gauza bera 2019. urtean.

EUSKARAREN BALIO ERANTSIA

Egindako lanaren balorazioa egiteko eta hurrengo urratsen egokitasuna aztertzeko, saltokietako langileei eta arduradunei zuzenean galdetu diete euren iritziaren inguruan. Ibarrako merkatarien gehiengoa ados agertu da udalak euskararen aldeko neurriak hartzearekin (%88,2), eta uste du euskarak balio erantsia duela (%70,6) eta erosteko garaian baloratu egiten dela (%73,5). Euskal bezeroei zerbitzua euskaraz eskaintzeak, «gertutasuna eta konfiantza» dakarrela ere uste dute merkatariek. Euskararen erabilera areagotzeko prestutasuna eta, orokorrean, jarrera eraikitzailea ere azaldu dute (%77,9).

Azken datu hauek herrian «giro positiboa» dagoenaren isla direla uste du Igor Agirrek: «Nik uste dut gauzak ondo egin nahi baditugu, herrian nabaritzen den giro positibo horrek lagunduko digula».

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!