Koronabirusa

'Nik herrian, zuk?' kanpaina abiatu dute, komertzioen alde

Irati Saizar Artola 2020ko mai. 12a, 06:00

Lauburuk jarri du martxan egitasmoa, itxita egon diren Ibarrako ostalariei eta komertzioei laguntza emateko; ekainaren 19a bitarte egin ahalko da diru ekarpena.

Ibarrako komertzioei itxialdiak eragindako kalteak arintzeko Nik herrian, zuk? kanpaina abiarazi du Lauburu Kirol Elkarteak. Konfinamenduagatik ireki ezinik geratu diren Ibarrako ostalariei eta komertzioei laguntza ekonomikoa eskaini nahi diete, eta horretarako, diru bilketa kanpaina bat jarri dute martxan. Aitzol Oiarbide zuzendaritzako kideak azaldu duenez, «Lauburu herriko parte denez interesatzen zaigu komertzio txikiak herrian mantentzea; haien aldetik oso babestuak sentitu izan gara beti, eta uste dugu orain gure momentua dela beraiei laguntzeko».

Lauburuk areto futbol eskolaren eta klubaren oinarria osatzen duten taldeen matrikularen %30a helburu horretara bideratuko du. Oiarbidek azaldu duenez, ordea, lehenik familiei eskaini zitzaien matrikularen portzentai hori ea bueltan jaso nahi zuten, izan ere, «dirua beraiena zen, Lauburuk ez zuen zertan diru hori mantendu». Hala ere, gehiengoak kanpainara bideratu duela adierazi du.

Baina gainerako herritarrek ere izango dute aukera ekarpenak egiteko, izan ere, ekainaren 19a bitarteko epean 12.000 euro biltzea da antolatzaileen nahia.

Beraz, herritarrei dei egin nahi diete bakoitzak bere ekarpentxoa egin dezan. Hiru bide ezarri dituzte diru bilketa egiteko: batetik, itsulapikoa.eus helbidean, Ibarrako komertzio txikiaren aldeko elkartasun eta laguntza proiektua agertuko da, eta hor barnean sartuta, zenbateko ekarpena egin nahi den aukera daiteke: 20, 50 edo 100 eurokoa; bestetik, honako kontu korronte zenbakira transferentzia bat egin daiteke: ES46 3035 0141 83 1410008604; edota azkenik, Bizum bidez egin ahalko du bakoitzak bere ekarpena, 690 778 656 telefono zenbakira bidalita.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!