Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa jokatzekoa zen Getxon (Bizkaia) irailaren 16tik 20ra, baina antolatzaileek atzeratu egin dute datorren urtera arte. Ibarra Sokatira Taldeak parte hartzeko asmoa zuen, Ainara Otamendi taldekideak azaldu duenez: «Gu goma gainean aritzen gara, eta talde bezala ez dugu esango sekulako ezbeharra izan denik. Baina ilusioa bagenuen parte hartzeko, eta Euskal Herrian izanik txapelketa, probatzeko gogoa genuen».
Goma gaineko Munduko Txapelketan parte hartu zuten otsaila bukaera aldera, eta hortik bi astetara saiakera bat egin zuten zenbait sokatiralarik lur gaineko sasoiari begira. «Justu aste horretan ezarri zuten itxialdia eta horretan geratu zen, nolabait entrenamendu bakarra eginez», esan du Otamendik. «Azkenean, egoera ikusita denok onartutzat eman dugu lur gaineko munduko txapelketa atzeratzearena».
Zehazki 2021eko irailaren 15etik 19ra egingo da Munduko Txapelketa, Getxon ere. Atzeratzeko erabakia, baina, ez da erraza izan. Hemendik bi urtetara eta lau urtetara munduko txapelketak non egingo ziren zehaztuta zegoen, eta Getxoko antolatzaileek besteekin hitz egin behar izan dute atzeratzea adosteko. «Ez da lan erraza izan erabakia adostea, eta urtebete atzeratzea lortu dute eta ez da gutxi», azaldu du Otamendik. «Lur gaineko modalitatean nazio gehiagok parte hartzen dute goma gainean baino, eta Munduko Txapelketa ekitaldi garrantzitsua izaten da». Oraindik ez dute taldean hitz egin datorren urteko parte hartzeari buruz.
Ibarrak modalitate mistoan parte hartzea pentsatzen zuen munduko txapelketan, lau mutilek eta lau neskek osatutako taldearekin. Lehenbizi Lur Gaineko Euskal Herriko Txapelketan parte hartzeko asmoa zuten, bai modalitate mistoan eta baita gizonezkoen pisu txikian. «Nesken talderik ez dago lur gainean, baina neskek mutilen taldean tira dezakete», zehaztu du Otamendik. Aurreko asteburuan hastekoa zen Euskal Herrikoa, baina hori ere bertan behera geratu da, eta oraindik federaziotik ez da oharrik zabaldu aurten egingo den ala ez.
Aurretik Ibarrako Sokatira Taldeko gizonezkoek parte hartu izan dute lur gaineko Euskal Herriko Txapelketan, baina apustu handirik egin gabe. Egun taldean dauden emakumezkoentzat lehen aldia izango zen lur gainean modalitatean. «Munduko Txapelketara joan baino lehen lehian aritu nahi genuen, eta horregatik Euskal Herrikoan parte hartzeko asmoa genuen», esan du Otamendik. Munduko txapelketara talde bezala joateko asmoa zuten. Izan ere, talde bezala eta selekzio bezala lehiatzeko aukera izaten da. Selekzio moduan joateko eskubidea Euskal Herriko Txapelketa irabazi duen taldeak du. «Ez dut uste aukera izango genuenik Euskal Herria ordezkatzeko, txapelketa irabaztea zaila izango litzatekeelako», gaineratu du Ibarrako sokatiralariak. «Hori bai, Euskal Selekzio bezala lehiatzean talde batek aukera izaten du beste talde batzuetako sokatiralariak gonbidatzeko».
Konfinamendua ezarri aurretik ez zuten lur gainerako taldea oraindik zehaztuta. «Egin genuen saio horretan neskak bakarrik izan ginen. Probatzea zen asmoa. Mutil batzuk arituta daude, eta uste dut nesken aldetik ni bakarrik aritu naizela lur gainean», esan du Otamendik. «Beraz, denentzako berri samarra zen lur gainean lehiatzea, eta ez genuen oraindik zehaztuta ere taldea».
Alde handia dago goma gainean aritzetik lur gainean aritzera. «Teknikoki oso ezberdina da. Goman teknika gehiago dago. Tiratzen dizuetenean irrist egiteko aukera handia dago, beraz teknikarekin blokeatzea bilatzen duzu. Lur gainean teknika baino indarra baliatzen duzu: lurrean zuloak egiten dira, eta indarraren poderioz jokatzen duzu asko. Teknika behar da, baina indarrarekin jokatzen duzu tirada eusteko. Modalitate batean ondo ibiltzeak ez du esan nahi bestean ere ondo ariko zarenik», laburbildu du Otamendik.
DENBORALDI «OSO POSITIBOA»
Goma gaineko denboraldiari ez dio eragin konfinamenduak. «Sekulako zortea izan dugu sei hilabetez entrenatzen aritu eta txapelketa guztietan parte hartu ahal izatearekin», esan du Otamendik. Munduko Txapelketa jokatu eta bi astetara etorri zen konfinamendua. «Asko izorratuko zigun, noski, Munduko Txapelketara ez joateak».
Aurtengo denboraldiaren inguruan, hain justu, balantze «oso positiboa» egin du Otamendik. «Batetik kontuan izan behar da nesken eta mutilen egoera ezberdina izan dela. Neskok talde nahiko berria eta gaztea izan dugu, taldea bera osatuko genuen beldurrez ere izan gara. Baina jende berria ilusio handiarekin etorri da eta denboraldia bera askorentzako nobedadea izan da, eta Munduko Txapelketa ere lehen aldia izan da askorentzat. Eta horiek gozatu egin dute eta sekulako esperientzia izan da».
Bestalde, gizonezkoek «helburu oso indartsuak» jarri zituzten, eta txapela lortu zuten euskal Herrikoan eta domina Munduko Txapelketan. «Ikusita mundukoan ze taldek eta ze mailatakoek parte hartu zuten, kirol ikuspegitik egindako esfortzuak sari handia izan du», zehaztu du Otamendik, eta gaineratu: «Talde bakoitzean, beraz, egoera oso ezberdinak bizi izan ditugu, baina bietan denboraldia oso positiboa izan da».
Goma gaineko txapelketak azaro inguruan hasten dira, eta Ibarra Sokatira Taldekoak irailean hasten dira sokarekin entrenamenduak egiten. Otsaila edo martxora arte irauten du denboraldiak, eta hortik aurrera kirolari bakoitza aritu ohi da sasoiari eusten. «Lagun talde bat ere bagara, eta tarteka elkartu izan gara sokarekin aritzeko, edota elkarrekin mendira joateko edo korrika egiteko, baina ez da denboraldian zehar izaten dugun antolakuntza», esan du Otamendik.
Egoera honek, beraz, talde bezala duten ohiko dinamikari ez dio hainbeste eragiten. «Nesken kasuan, taldekide bat ari da elkarbanatzen egunero egiteko ariketa batzuk, eta hainbat taldekide ari dira hori erabiltzen», esan du Otamendik. Denboraldi honetan taldeak ez du prestatzaile fisikorik izan. «Denboraldi bakoitzean jartzen ditugun helburuen eta gauden jendearen arabera erabakitzen da hori», zehaztu du. Oraingoz, beraz, bakoitzak etxean dituen baliabideekin moldatzen ari dira lan fisikoa egiteko.