Denboraldi honetarako pauso berri bat eman zuen Gaizka Maiza (Ibarra, 1996) saskibaloi jokalariak. Leyma Basquet Coruña taldera joan zen, Urrezko LEB Ligan bigarren maila nagusian jokatzera.
Nola eta non harrapatu zaitu konfinamenduak?
Coruñan harrapatu ninduen eta hemen jarraitzen dut. Liga eten zenean, klubak enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea jarri zigun, eta esan zigun bertan geratzeko. Klubak egin zuen apustua nahiko indartsua zen; hasieratik pentsatzen zuen liga berriz itzuliko zela, eta amerikarrak eta beste atzerritar batzuk ez dira beren herrira joan. Jokalari bat edo beste, beraien arrazoi pertsonalengatik, joan dira, baina bestela beste denak hemen geratu gara.
Nolakoa da ezarri zaizuen enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea?
Estatuak ordaintzen dizu %70 eta klubak %30, gutxi gorabehera. Berez lanik gabe gaude, baina badakizu berriro egoera normalizatzen denean lanera itzuliko zarela. Soldatari dagokionez, guk zortea dugu kluba oso serioa delako diru kontuen aldetik, eta soldata osatzerainoko parte guztia ordaintzen ari da. Eta hori ere bazen jokalari guztiak bertan geratzeko baldintzetako bat.
Nola ari zara eramaten konfinamendua?
Orain errutina pixka bat hartuta daukat. Hasieran arrotzagoa egin zitzaidan, baina orain hobeto nago. Esnatu eta gosaldu ondoren, normalean ariketa fisikoak egiten ditut, prestatzaile fisikoak bidalitakoak. Gero, eguerdi eta arratsalde partea unibertsitateko lanak egiteko erabiltzen dut. Kirol magisteritza ikasten ari naiz, online, Mondragon Unibertsitatean. Bertatik zer lan egin behar ditugun jartzen digute, eta azkenean kirola eta ikasketak uztartuz eguna joaten zait. Horrez gain, telesail batzuk ikusi eta gero lagunekin eta gurasoekin hitz egiten dut.
Zer erabiltzen duzu entrenatzeko?
Azkeneko entrenamendua egingo genuela esan zigutenean, etxerako pare bat goma hartu nituen kiroldegitik, indar ariketak egiteko. Gero, kluba oso ondo portatu da gurekin eta bizikleta estatikoa ekarri digu, etxean erresistentzia lantzeko. Uste nuen okerrago moldatuko nintzela, baina nahiko ondo daramat.
Nahiz eta gure egoera berezia izan, fisikoki prest egoten saiatu behar dugu. Edozein momentutan itzuli daiteke hau normaltasunera. Gure ligak igoera fasea jokatzeko erabakia edo besteren bat hartu dezake, beraz, lehiaketa itzultzen denerako prest egon beharko dugu fisikoki.
Aurtengo denboraldian aldaketa handi bat egin zenuen Coruñara joaten. Nolakoa izan da orain arteko esperientzia?
Banuen gogoa beste esperientzia bat bizitzeko, eta oso positiboa izaten ari da. Denboraldiaren hasieran pixka bat kostatu zitzaidan erritmoa hartzea, eta, nolabait, lekua hartzea. Bestalde, Coruña hiri bezala polita da, ondo jaten da, eta Euskal Herria baino pixka bat merkeagoa da. Horrez gain, denboraldi nahiko txukuna egiten ari ginen eta hirugarren goaz sailkapenean. Nire aldetik, hasieran pixka bat egokitzea kostatu bazitzaidan ere, justu etenaldiaren aurretik denboraldiko unerik onenean nengoen. Horrez gain, taldea oso sendo ari zen jokatzen eta horregatik geunden hirugarren. Baina, beno, denontzako bat-batean etorri den egoera bat izan da eta orain etxean egon beharko dugu.
Eta zer-nolako denboraldia doa orokorrean taldearentzat?
Aurreko urtean bere mailako talde batentzako ez zuen denboraldi ona egin. Aurten talde berria geneukan, ia jokalari denak berriak ginen, eta helburua igoera faserako sailkatzea zen. Eta ondo bidean gindoazen, igoera fasea bigarrenetik bederatzigarrenera artekoek jokatzen dutelako. Lehenengoa zuzenean igotzen da. Pentsatu baino hobeto ari zitzaizkigun ateratzen gauzak, eta pena bat da oraingoz dena bertan behera geratu delako.
Parte hartze garrantzitsua duzu taldean?
Ni Coruñara etortzeko arrazoi nagusiena entrenatzaileak emandako konfiantza izan zen. Sergio Garcia nire bigarren entrenatzailea izan zen GBC taldean. Jokalari garrantzitsua izango nintzela esan zidan, baina azkenean entrenatzaile batek ez dizu zehazten zenbat minutu jokatuko dituzun partidako. Hori egoeraren araberakoa da: zer moduz ari zaren zu, zer moduz ari diren zure taldekideak, faktore asko sartzen dira. Baina egia esan, gustura nengoen egiten ari nintzen lanarekin, eta denborarekin lekua hartzen joan naiz taldean.
Nola bizi dute saskibaloia Coruñan?
Coruñan saskibaloiak, eta beste kirol guztiek, zaleak izateko duen oztopo handiena Deportivo futbol taldea da. Orain bigarren mailan dago, baina Lehen Mailako talde mitiko bat izan da. Gure aldetik gauzak ondo egiten ari ginen, eta jendea pixkana animatzen joan da. Etxean partida asko irabazi ditugu eta horrek ere publikoa etortzea eragin du. Jokalariei jende gehiago etortzea gustatuko litzaiguke, baina 2.500 pertsona inguru elkartzen dira. Gure kiroldegia oso handia da eta ematen du jende gutxiago dagoela, baina gero beste edozein kantxarekin konparatuta, gehien joaten direnetakoa da.
Zein izan da aldaketa handiena zuretzat erronka honetan?
Etxetik gertu jokatzen ohituta nengoen. Tolosan hasi nintzen jokatzen, gero Azpeitian eta hortik Donostiara joan nintzen. Ibarratik gertu, beraz. Zure gertuko jendea ezin duzula ikusi da orain aldaketa, eta bakarrik bizitzen ikasi behar duzula. Bisitan etorri dira gurasoak, anaia, neskalaguna, lagunak, eta kanpoan jokatu izan ditudan partida batzuetara gurasoak ere joan izan dira, eta eskertzen da. Bestalde, zure gertukoak ondoan ez izateak helduago izaten eta gauzak zure kabuz egiten laguntzen dizu.
Liga txapelketaren etorkizunaz baduzue informaziorik?
Espainiako Federazioak eta Urrezko LEB ligako klubek hiru bat bilera egin dituzte, eta ez dira adostasun batera iritsi. Maiatzaren 15eko eguna zehaztu dute epe modura ACB ligara talderik igoko den erabakitzeko. Oraingoz erabakita dagoena da ACBtik ez dela talderik jaitsiko, eta Urrezko LEB ligatik ere ez. ACB ligara igoerak badaude, gero erabaki egin beharko dute nola zehaztuko diren talde horiek, hau da, lehenengoa zuzenean eta bigarrena jakiteko igoera fase bat jokatuko den, edota lehen biak zuzenean igoko diren. Baina erabakia hartzeko faktore asko daude; esaterako, ACB ligako taldeek ez dute nahi beste bi talde igotzea, 20 taldeko liga bat izateak partida asko egotea suposatuko lukeelako.
Eta zuen liga txapelketako falta diren partidak jokatuko dira?
Ziur aski ez dira jokatuko. Oraindik hamar partida inguru falta dira berez liga erregularra bukatzeko, eta gauzak dauden moduan, ez luke emango denbora partida horiek jokatzeko. Beraz, ziurrenik etenaldia izan aurretik zegoen sailkapena hartuko da kontuan. Hortik aurrera, ea zer erabaki hartzen duten.