Koronabirusa

Ibarrako Merkatari Elkarteak herriko txikienak saritu nahi ditu

Ataria 2020ko apirilaren 29a

Herriko komertzioetan haurrentzako bina zorro banatzen ari dira itxialdian izandako portaera eskertzeko. Batetik, gozokiak sartu dituzte, eta bestetik, eskularruak eta maskarak egiteko materiala.

Ibarrako Merkatari Elkarteak herriko txikienak saritu nahi ditu, itxialdian izan dute portera "txalotzekoa" izan delako. Manke Davila merkatari elkarteko lehendakariak esan duenez, eskerrak eman nahi dizkiete haurrei, baina baita familia guztiei ere "zintzo eta egoki" egin diotelako aurre konfinamenduari.

Hori saritzeko, herriko komertzioetan bina zorro dituen kit bat banatzen ari dira. Kit hori, komertzio horietan erosketaren bat egindakoan eskuratu daiteke, eta haurrentzat izango da. Zorro batean goxokiak sartu dituzte eta beste zorroa eskularruekin eta maskara homologatu bat osatzeko materialarekin osatu dute. Hiru ohial zati eta gomak aurkituko dituzte eta horiekin, etxeko txikienek maskarak osatu beharko dituzte etxean. "Goxokiak jan bitartean eskulanak egin ditzakete", azaldu du Davilak. Maskarak muntatzeko argibideak Goxobi gozo dendaren facebook orrialdean aurki daitezke.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!