«Oso librea da konposizio zein letra aldetik»

Irati Saizar Artola 2020ko api. 26a, 10:00

Vendettako lau kide ohik proiektu berri bat jarri dute martxan: La Topadora taldea. Hamar abesti biltzen dituen Voy Con Todo izeneko diskoa kaleratu berri dute. Enrike Rubiños-ek proiektuaren berri eman du.

Martxo hasieran aurkezpen kontzertua eskaini ostean, itxialdia betetzen ari dira La Topadorako kideak. Tartean, Enrike Rubiños (Ibarra, 1977) bateria jotzailea. Diskoaren izenak dioen bezala, guztia amaitzean «topera ateratzeko gogoz» daudela argitu du Rubiñosek.

Vendettarekin amaitu ostean ez duzue deskantsurako tarte gehiegirik hartu. Beste proiektu bat jarri duzue martxan. Nolakoa izan da prozesu hori? 

Vendetta bukatu zenean deskantsu txiki-txiki bat hartu genuen. Ruben [Anton] eta ni beste proiektu batean sartuta geunden, eta bira egiten ibili ginen Modus Operandi taldearekin. Baina Jabier [Etxeberria] eta Luisillo [Kalandraka] Vendetta bukatu eta jarraian hasi ziren kantuak konposatzen, eta proiektu berrira begira jarri ziren. Nahiko jarraian joan zen guztia.

Vendettatik lau kidek jarraitu duzue, eta kide berri bat hartu duzue taldean.

Pello Reparaz izan ezik gainerako lauak gaude taldean. Gaizka Otsoa da taldekide berria, tronboi jotzailea da.

Hainbeste denbora musika estilo bera jotzen aritu ondoren, zein norabide hartu du La Topadora taldeak?

Egia esan geure buruari ez diogu inolako mugarik jarri. Oso-oso desberdinak dira diskoko kanta asko, ez daukate zerikusirik batak bestearekin. Azken finean, gustuko musika egitera joan gara eta gu behintzat gustura geratzera egin ditugun kantu eta diskoarekin. Beraz, oso librea izan da konposizio aldetik, eta baita letra aldetik ere.

Instrumentu aldetik izan al da aldaketarik? 

Vendettaren konposizio berdina mantendu dugu. Guztiok abesten dugu tartetxoren batean, eta gainerakoan, tronpeta, tronboia, gitarra, baxua eta bateria dauzkagu.

Nolakoa izan da abestiak sortzeko prozesu hori?

Vendettako funtzionamendu berdinari jarraitu diogu. Kanta konposatzen aritu denak etxetik prestatuta eramaten du ia-ia guztia. Erritmoarekin etortzen da, letra ere jarrita. Behin lokalean entseguan egonda, azkeneko ukituak ematen dizkiogu.

Zeren inguruko letrak landu dituzue? 

Denetik egin dugu. Letra oso positiboak aurki daitezke, animoak eta altxatzeko diren letra horiek; kritika egiteko erabili ditugunak ere badaude eta baita gure inguruko arazoei buruzkoak ere.

Ia taldekide guztiak aurrez elkarrekin ibiliak zarete. Laguntzen al du horrek gauza berriak egiterako garaian? 

Talde giroan laguntzen du eta baita jotzeko garaian ere. Azkenean, Vendettan hamar urte egin genituen elkarrekin, eta aurretik Skalariak taldean ere hiru bat urte edo elkarrekin jotzen arituak ginen, eta behin jotzen hasten zarenean, guztia oso azkar doala ikusten duzu, oso trinko entzuten da guztia. Eta giro aldetik ere bai, askotan esaten dugu eztabaidatzen badakigula eta liskarrak daudenetan erraz konpontzen ditugu. 

Martxo hasieran egin zenuten aurkezpen kontzertua Bilbon. Zer moduz joan zen? 

Pixka bat beldurtuta joan ginen, izan ere, egun horretan Athleticek Errege Kopako finalerdia jokatzen zuen Bilbon bertan. Eta kontzertua dohainik zenez, ez genekien zenbat jende etor zitekeen. Baina egia esan jendetza gerturatu zen eta oso-oso ondo joan zen guztia. Lehena eta bakarra izan da momentuz, baina zapore ona utzi digu.

'Voy Con Todo' da disko berriaren izena. Zer dela eta? 

La Topadora kantuaren leloa da. Eta egia esan, topera joateko intentzioa daukagu, beraz, esaldi aproposa dela iruditu zaigu.

Zer moduzko feedbacka jaso duzue? 

Egia esan aurkezpen kontzertuan sekulako harrera izan zuen diskoak. Eta gainerakoan, sare sozialetan ere nahiko harrera polita dauka, baina oraintxe bertan geldirik gaude, beraz, ea noiz hartzen dugun berriro erritmoa eta topera ateratzen garen.

Prestatuta al dituzue zuzenekoak guztia bukatzen denerako? 

Bai, zuzenekoa prest genuen Bilborako, baina orain kanta berriak lantzen ere ari gara kontzertua apur bat luzatzeko. Horretan ari gara, nahiz eta etxetik aritu behar. Lehendik kontzertua prest bagenuen, orain indartsuagoa egingo dugu.

 

 
LA TOPADORA


VOY CON TODO

Kideak: Jabier Etxeberria (gitarra, ahotsa, programazioa), Luisillo Kalandraka (baxua eta ahotsa), Ruben Anton (tronpeta eta ahotsa), Enrike Rubiños (bateria) eta Gaizka Otsoa (tronboia).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!