Liburuaren eguna ospatzeko egitasmo bat jarri dute martxan Ibarran

Tolosaldeko Ataria 2020ko api. 23a, 15:47

Gaurko egunez, liburu bateko pasarte bat ondokoari irakurtzeko gonbidapena luzatu du Ibarrako Udalak. Argazkia atera eta ondoren erakusketa bat antolatu nahi dute. Bestalde, liburutegiko zerbitzua etxez etxe egiteko aukera ere zabaldu dute.

Liburuaren nazioarteko egunak etxean harrapatu ditu irakurle zein gainerakoak. Horren aurrean, Ibarrako Udalak erronka bat luzatu diete herritarrei: liburu bateko pasarte baten irakurketa egitea etxekoei edo lagunei, eta momentu horretako argazki bat ateratzea, ondoren, egoerak ahalbidetzen duenean argazki erakusketa egiteko.

Erakusketa egin ahal izateko, baimen idatzia beharko duela esan du udalak. Horretarako, behin konfinamendua amaituta, epe bat zabalduko du udalak baimen idatzi horiek jaso eta erakusketa antolatu ahal izateko. Behin erakusketa amaitzen denean, argazki egileek beren argazkia jaso ahal izango dute eta 15 eguneko epean jasotzen ez diren argazkiak suntsitu egingo dira. 

Ekimenean parte hartu ahal izateko argazkiak 688664781 telefonora bidali beharko dira, whatsapp bidez.

Liburutegia etxean

Ibarrako udal liburutegia erabiltzaileentzat itxita dago eta saiakera honen bidez, bertako liburuak ibartar guztien eskura jarri nahi ditu udalak, izan ere, esan dute momentu hauetan liburuak eta orokorrean kultura "oso lagungarriak" izan daitezkeela. Ibarrako Udaletik boluntario sare bat antolatu dute eta segurtasun neurriak betez, banaketak jasotzeko aukera eskaini nahi diete herritarrei.

Norbaitek libururen bat edo udal liburutegiko beste materialen bat (DVD, aldizkari...) etxean jaso nahi duenak, liburutegiarekin kontaktuan jarri beharko du: 943670399 telefono zenbakira deituta (9:00etatik 14:00etara),  liburuzaina@ibarra.eus helbidera idatzita edota 688664781 whatsapp zenbakira idatzita.

Liburuen aukeraketa egiteko, Euskadiko Irakurle Publikoko Sarearen katalogo kolektiboa erabili ahalko da. Eta bertatik mailegu eskaerak ere egin daitezke.

Azkenik, norbaitek Udal Liburutegiko libururen bat bueltatu nahi badu, liburua etxera eramango dion boluntarioari eman eta honek liburutegira bueltatzeko aukera izango du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!