"Jokalariak ahalik eta sasoi hoberenean mantentzen saiatzen ari gara"

Tolosaldeko Ataria 2020ko api. 15a, 19:54

Kantxara itzultzeko agindua jasotzen dutenerako prestatuta egon nahi du Alfredo Hualde Lauburuko bigarren B mailako talde nazionaleko entrenatzaileak. Denboraldia amaitzen denean, ordea, taldea utziko du.

Kirolaren ikuspegitik dituen zailtasunak medio, nola ari zarete egoerari aurre egiten?

Prestatu gabe harrapatu gintuen. Uste nuen ez zela hainbesterako izango, baina denborak erakutsi du guztiz oker geundela. Konfinamendua agindu zutenetik, jokalariekin harremanetan egoten jarraitzen dugu, ahalik eta sasoi hoberena mantentzen saiatuz.

Nola planteatu dituzue entrenamenduak?

Taldean ezin dugunez ezer egin, Aitor Andres prestatzaile fisikoak jokalari bakoitzari zuzendutako 3-4 saio prestatzen ditu astero eta horiek jarraitzen ditugu.

19/20 denboraldiko txapelketari berriro ekitea erabakitzen bada, pentsatu duzu nola egin aurre itzulerari?

Nik neuk denboraldia jokatuz eta Ligako sailkapenean ahalik eta postu altuenean amaitzen saiatuz agurtu nahiko nuke. Dena den, iraila baino lehen denboraldia amaitzea ezinezkoa izango dela uste dut.

Hurrengo denboraldian ez jarraitzea erabaki duzu. Nola deskribatuko zenituzke bizi izan dituzun denboraldiak?

Hiru denboraldiak desberdinak izan dira. Lehena ilusioarekin eta erantzukizunarekin lotzen dut. Berriro ere 2B mailan entrenatu behar nuen eta, gainera, Ibarran, hazten ari zen klub batean. Azkenean, Kopan hirugarren postuan sartzea lortu genuen. Bigarrena anbizioarekin eta sendotzearekin lotzen dut, aurreko urtekoa erreala zen edo denboraldi bateko kontua besterik ez zen ikusteko balio izan zuen. Lehen postuan amaitzear egon ginen. Eta hirugarren honetan, Play Off-ean sartzeko ahalmenean sinestea zen helburu nagusia. Dena den, uste dut partida jakin batzuetan presioak irabazi zuela eta, abenduko partiden emaitzen ondoren, denboraldia aldapa gora jarri zen.

Kluba oroitzapenez beteta uzten duzu. Zein da zuretzat bereziena?

Ez daukat oroitzapen konkretu bat. Asko gustatu zitzaizkidan bigarren mailako taldeen aurka jokatutako Kopako bi partidak, non zaleek harmailak bete zituzten. Aurreko denboraldiaren amaieran ere asko gozatu nuen: astero-astero puntuak mozten joan ondoren, Liga irabazteko aukerekin iritsi ginen; azkenean lortu ez bagenu ere. Niretzat oso berezia izan zen jokalarien begietan handinahi hori ikustea.

Zein dira zure etorkizuneko planak kirolari dagokionez?

Gaur egun, atseden hartzea eta beste gauza batzuez gozatzea gustatuko litzaidake, hala nola, familiaz eta beste zaletasun batzuez. Gainerako entrenatzaile batzuetatik ikasten eta trebatzen jarraitzeko ere aprobetxatu nahi dut. Hala ere, nire burua ezagututa, badakit kirol hau asko gustatzen zaidala eta, zoritxarrez, areto-futboleko entrenatzaile gutxi dauden leku batean gaudenez, baliteke azkenean beste kirol proiektu batean sartzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!