Hurrengo denboraldira begira

Irati Saizar Artola 2020ko api. 15a, 19:39

Ibarrako Lauburu K.E. ere itxialdian, baina gelditu gabe ari da lanean; denboraldiarekin zer gertatuko den ez dakiten arren, itzulerarako prestatzen ari dira guztia berriro martxan jarri nahi baitute.

Osasun larrialdi honek ez du amaiera datarik, momentuz behintzat. Egoera hori kontuan izanda lanean ari da Lauburu Kirol Elkartea. Futbol aretoko denboraldia ere etenda dago, eta ez dakite noiz izango den itzulera data. Juanan Rodriguez Lauburuko kirol zuzendariak dioenez, «iritzi eta desio guztiak errespetagarriak izango dira, eta unea iristen denean, kluba egoera berri horretatik abiatuta hasiko da lanean».

Dena den, hipotesi posible batzuen gainean lanean ari direla azaldu dute, baina jakitun dira «denbora kirol amateurraren aurka» doala. Itzulera «laster» gertatzen ez bada, 19/20 denboraldia amaitutzat emango dutela uste du klubak. Testuinguru horretatik abiatu dira eta hurrengo denboraldiaren hasierara arte dagoen tarte horretarako alternatibak bilatu nahi dituztela esan dute.

Aldi berean, krisialdian, ikuspegi sozialago batetik nola lagundu daitekeen ere aztertzen ari dira, «egoera ahulenean dauden kolektiboei laguntzeko». Horretarako, ordea, itxialdia amaitu arte itxarongo dutela aurreratu dute.

HUALDEREN AGURRA

Kirol arloari dagokionez, datorren denboraldian Alfredo Hualde entrenatzaileak ez du bigarren B mailako talde nazionalaren buru izaten jarraituko. Bi aldeak ados jarrita hartutako erabakia izan dela esan du Rodriguezek: «Lauburun hiru denboraldi igaro ditu, zeinetan klubaren gertuko historiako kirol emaitza onenak lortu dituen, baina egunero egin duen ahalegina kirol emaitza guztiak baino harago doa».

Entrenatzaile nafarrak, beraz, agur esango dio klub moreari eta esker oneko hitzak besterik ez ditu kirol zuzendariak: «Eskerrik asko zure lanagatik, ahaleginagatik eta gertutasunagatik; klub honetako ateak zabalik izango dituzu beti». Ondorioz, Lauburuko kirol zuzendaritza lanean ari da 20/21 denboraldirako teknikari berria bilatzeko asmoz.

ILUSIOA MANTENTZEAREN ALDE

Haurrekin egiten ari diren lana ere izan du gogoan zuzendaritza taldeak. Gizarte eta kirol susperraldian azken 8 denboralditan egindako ahalegina gogoratu dute. Aurtengo urtea, «ilusioz betetakoa» zela diote, 50 haur baino gehiago baitituzte benjamin eta alebin kategorietan. Taldeen «gorakada» dela eta, batzorde berri baten bitartez lanean ari zela Lauburu azaldu dute, «Ibarrako Udalaren eskutik kirol eredu eta egitura eredua berriz marrazten».

Zuzendaritza batzordeak proiektuaren hedapenean ere lan egin duela azaldu dute. Laguntzaile eta kolaboratzaile berriak bilatu dituztela diote, taldeentzako ordezkariak eta teknikarientzako laguntzaileak gehituz.

Lauburuk hori guztia berriz ere martxan jartzea espero du, «ilusioz egindako lana ez dadin alde batera utzi zorigaiztoko birusaren erruz».

Era berean, gogoratu dute uda honetan hastekoak zirela Belabieta kiroldegia eraberritzeko lanak. Lehen fase batean, kantxaren teilatua osorik berritzea da udalaren asmoa. Momentuz, ordea, berri gehiagoren zain daudela esan du Rodriguezek: «Ez dakigu zer espazio hartuko duten obra horiek egutegian, ezta nola eragin ahal izango den kiroldegian egiten diren jardueretara itzultzean». Klubari «hainbeste buruhauste» eragin dizkion itoginekin amaitzea ekarriko du teilatua berritzeak eta kantxako giro tenperatuta neurri batean egokituko lukeen sistema bat ezarriko dutela ere azaldu dute. Kantxako edukiera ere 100 plaza inguru gehiagorentzat egokituko dutela esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!