Konfinamenduan ere dantzan jarraitu nahi du Alurr dantza taldeak

Ataria 2020ko apirilaren 14a

Alurr dantza taldeak buruari eragiten jarraitzen du konfinamendu garaian dantzan nola jarraitu pentsatzeko. Irakasleek bideoak grabatu dituzte ikasleek etxean dantzak ikas ditzaten.

Etxean geratzeko agindua jaso bezian pronto, Alurr dantza taldeak lehiaketa bat jarri zuen martxan: bideo bat grabatzea zen erronka, 30 segunduz dantzan. Azaldu dutenez, uste baino jende gehiagok hartu du parte lehiaketan. Itxialdiaren ostean banatuko dituztela sariak aurreratu dute.

Bestalde, itxialdia dela medio, klaseen nondik norakoak eztabaidatzen aritu dira hainbat kide eta nola hala aurrera eramatea erabaki dute. Irakasleek bideoak grabatu dituzte dantzekin, eta plazako dantzak ikasteko ikastaro txikiak zabaldu dituzte. Klaseak online emateko aukera ere badute esku-artean. Ikasleekin kontaktua mantendu eta itxialdiak sortzen duen desmotibazioari aurre egin nahi diotela azaldu dute.

Era berean, gogoan dute Alurrek 25 urte betetzen dituela aurten. Esan dutenez, datak apur bat aztoratu zaizkie, baina hala ere festa handi baten asmoarekin jarraitzen dute, eta diote berandu baino lehen ospatu ahal izango dutela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!