Zerrenda amaigabea da eta gobernuetatik datozen neurriek ez daukate egoera hobetuko dutenaren itxurarik: zentralizazioa, kontrol polizialaren areagotzea, isunak, bizilagunei kontrola egiteko deiak… “osasunaren” izenean.
Dena ez da hain beltza ordea! Herritarren elkartasun sareak ugaritu egin dira Euskal Herri osoan, baita eskualdean eta Ibarran ere! Etorkizunari aurre egiteko ezinbestekoa izango da sare horiek eutsi eta ugaritzea.
Bestetik, Koronabirusaren kudeaketaren krisiak gure bizitza sostengatzen duten kolektiboak utzi ditu agerian: osasun langileak, zahar egoitzetakoak… eta baita arreta gutxiago jartzen diegun horiek ere: supermerkatuetako langileak, baserritarrak, banatzaileak, etxez etxeko laguntzan diharduten langileak… eta nola ez etxeko langileak. Etxeko langileak: heldu eta haurren zaintza lanak burutzen dituztenak, etxeak garbirik eta otorduak prest uzten dituztenak, emakumeak, migranteak, arrazializatuak, egoera administratibo irregularrean daudenak, zapalkuntzaz zapalkuntza eraikitako subjektuak.
Lan baldintza prekarioetan daude gure heldu eta haurrak zaintzen dituztenak, arrazoirik gabe kaleratzeko aukerarekin, langabezia eskubide gabe, indarkeria mota desberdinak jasaten asko eta asko, egoiliarrak ia atsedenik gabe lanean, intimitate eta bizi proiektu bat garatzeko eskubiderik gabe… etxeko langileen %30-40 ezkutuko ekonomian ari dela lanean estimatzen da oraindik eta eskubide gutxiagorekin. Eta Koronabirusaren kontu honek guztiak egoera larriagoan utzi ditu langile gehienak: kaleratuak, enplegatzailearekin batera konfinatuak lanordu etengabeak biderkatuz, egoera aldatu arte kontratua etenda, lanean inolako osasun-babesik gabe, elikadura orekatu bat izateko eskubidea urratuta… eta askotan euren senideak zaintzeko aukerarik gabe.
Tartean Espainiako gobernuak etxeko langileen egoera arintzeko neurriak iragarri ditu: kalean geratzen diren etxeko langileentzat hilabete batekoa soilik izango den langabezia prestazioa. Sektorearen beharrizanei apurtxo bat ematearekin erantzun die. Izan ere, ezkutuko ekonomian lan egiten duten %30-40ak ez du laguntza eskubiderik izango, gainontzekoek kotizatzen dutenaren arabera jasoko dute (normalean beharko luketena baino askoz ere gutxiago kotizatzen dute) eta soilik hilabete bat.
Gainera, azken Gobernuaren dekretuaren arabera dependentzia egoeran dauden pertsonen, helduen eta haurren zaintza oinarrizko zerbitzu gisa ulertzen da. Oinarrizko zerbitzu honi erantzuna emateko sare publikoa erabat eskasa da urtez urte emandako murrizketen ondorioz, eta familia askok etxeko langileak kontratatu behar ditu oinarrizko behar hau asetzeko. Enpresei langileen kostuak gutxitzeko emandako laguntzak ordea ez dira zabaldu familietara, ondorioz etxeko langileen prekarietatea gehiago zabaltzeari atea irekiz.
Deabruak Kalera Asanblada Feministatik kapitalaren aurrean bizitza eta zaintza erdigunean kokatuko dituen sistemaren eraikuntzan urratsak ematea beharrezkoa dela uste dugu, jendartearen beharrizanak lehenetsiko dituena. Zaintzaren krisia modu bortitz honetan azaleratu den momentu honetan ez da posible sistemaren bazterretan dauden kolektiboak gehiago baztertzea, irtenbide integralak behar ditugu. Jakitun gara familia askok euren
senideak zaintzeko langileak modu prekarioan kontratatzeko beste aukerarik ez dutela. Bada garaia denok batera, zaintzaileok, zainduok… bat egin eta zaintzaren gaiari bere osotasunean heltzeko, instituzioek egiten ez badute gure ekimenez egin beharko da Mugimen Feministaren ekimenez sortu berri den zaintza mahaiaren gisakoekin. Bitartean, etxeko langileentzat lan eta bizi baldintza duinak aldarrikatzen ditugu eta bizitzen ari garen egoera latz honetan euren funtsezko lanari merezi duen balioa ematea. Zuekin gaude neskak!
Maite Aranalde eta Itziar Arratibel, Ibarrako Deabruak Kalera Asanblada Feministaren izenean