Erraketisten omenezko izena, pilotalekuari

Irati Saizar Artola 2020ko apirilaren 8a

'Erraketistak' izena jarri dio Ibarrako Udalak Emeterio Arresen dagoen pilotalekuari; GKo Gallerykoek margotu dute murala. 

Martxo hasieran izen berria hartu zuen Ibarrako Emeterio Arresen aurkitzen den pilotalekuak: Erraketistak. Emakume errakestita guztiak omendu nahi izan dituzte horrela. Ezker horma erabili dute horretarako eta mural bat egin du GKo Galleryk.

Igor Zapirain Ibarrako alkateak azaldu duenez, «pilotalekuak orain arte ez zuen izen ofizialik», eta iaz hasi ziren horretan pentsatzen. Urte amaieran, Izaskun Ayestaran erraketista ohia omendu zuten herrian, eta hari zin egin zioten erraketista guztien omenez Emeterio Arreseko pilotalekuari Erraketistak izena jarriko ziotela.

Horrela jarri ziren GKo Gallerykoekin harremanetan. «Hainbat bozeto bidali zizkiguten aldez aurretik, eta pilotalekurako zein izan zitekeen egokiena aukeratu genuen», esan du Zapirainek. Pare bat egunetako lana hartu zuten murala egin zutenek. Bi emakume ikus daitezke erraketarekin, eta azpian izena idatzi diote.

Ayestaran herritarra 

Iazko irailean omendu zuten Izaskun Ayestaran herritarra. 1960ko hamarkada hasieran ibili zen erraketista moduan Madrilgo Fronton Madrid pilotalekuan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!