Iazko abuztutik dute Udaltzaingoa Ibarran. Egun, Covid-19a dela eta, bestelako lan batzuk ere egitea egokitu zaiela aitortu du Xabier Zilbeti udaltzainburuak. Herritarrei gomendio orokor bat eman nahi die: beharrezkoa ez bada, etxetik ez ateratzeko.
Zer moduz ari dira erantzuten herritarrak?
Egia esan, gauden egoeran egonda oso ongi. Bizitzen ari garen egoera latza da denontzat, eta ahalik eta hoberen ari gara guztiok, horretan saiatzen ari gara.
Zentzuz jokatzen ari direla uste duzu?
Bai, jendea arduraz ari da bere egunerokoa aurrera eramaten. Gutxi batzuk dira arduragabekeriaz jokatzen dutenak.
Zein da zehazki zuen lana egun hauetan?
Gehienbat alarma egoerarekin lotuta dauden lanak egiten ari gara egunotan, besteak beste, prebentziozko zaintzak egiten ditugu hornidura puntuetan. Gainerakoan, bulego barruan gaudenean, jasotako datuen trataera egiten dugu, gero Barne Sailera helarazi ahal izateko.
Isunik eta jartzea egokitu zaizue?
Bai, jarri ditugu batzuk. Ibarran ere badaude arduragabekeriaz jokatzen duten pertsona batzuk eta iruditzen zaigu pertsona horiek, zintzo jokatzen dutenekiko errespetu falta nabarmena dutela.
Herritarren kezkei erantzunak bilatzen saiatu zarete. Nola bildu dituzue zalantza horiek?
Astero-astero elkartzen gara Tolosako ertzain etxeko arduradunekin batera, Tolosa, Ordizia, Beasain, Lazkao eta Ibarrako udaltzaingoen arduradunak. Bertan, herritarren kezka horiek bildu eta landu egiten ditugu. Jendearen zalantza horiek kalean eta telefonoz jasotakoak dira. Herritar gehienei kezka sortu zaie Espainiako Gobernuak onartutako dekretuarekin, eta zehazki, bere ezartzearekin, ez baitakite zer egin dezaketen eta zer ez.
Zein da kezkarik orokorrena herritarren artean?
Kezka orokorrena mugikortasunarena da. Ea ziurtagirik behar duten galdetzen digute askok, eta baita ea baratzetara joan daitezkeen ala ez. Guk esaten diegu ez dela behar ziurtagirik eta ezin dutela baratzeetara joan.
Zein gomendio orokor zabaldu nahiko zenuke?
Gomendio bakarra eta orokorra eman nahiko nieke ibartar guztiei: etxetik ez ateratzeko, ezinbestekoa ez bada.
Beste ezer erantsi nahi?
Gogor ekin behar diogu gai honi, ziur gaude denen artean lortuko dugula egoera honetatik indartsu ateratzea. Bakoitzak bereari eutsi diezaiola nahiko genuke, ingurukoak eta ezarritako arau guztiak errespetatuz.