Koronabirusa

Belabieta Kirol Klubeko gimnastek erronka ugari dituzte berrogeialdirako

Ataria 2020ko api. 3a, 17:10

COVID-19ak sortutako alarma egoera dela eta, etxean egotea tokatzen den berrogeialdi honetan, aktibo mantentzeko hainbat ariketa ezarri dizkiete entrenatzaileek Belabieta Kirol Klubeko gimnastei. 

Batetik, forma fisikoa eta malgutasuna mantentzeko etxean egiteko entrenamendua bidali dizkiete. Bestetik, astero astero bete beharreko erronka bat dute, eta ondoren erronkaren argazkia bidali behar dute parte hartzaile guztiek klubera nahi izan ezkero. Entrenatzaileek jakinarazi dutenez, gimnastak etxean ere entrenatzen jarraitzera elkar animatzea da ekimenaren helburua.

Erronka hauek hiru atal dituzte, gorputzekoa, aparatuaren teknika eta sormena. Gainera, gimnasten adinaren eta mailaren arabera entrenamenduak ezberdinak dira. Hauek dira banatutako kategoriak: aurre-benjamin, benjamin eta alebin eta infantil, eta hortik aurrerakoak.

Ekimenaren lehen astean, esaterako, gimnastika erritmikoko oreka ariketak eta pilotarekin errodamendua landu zituzten. Sormenaren atalari dagokionez, berriz, txikienek kirol honekin lotutako marrazkiak egin zituzten eta gainontzekoek irudimena erabiliz maza batzuk egin behar izan zituzten etxean zuten materialarekin.

Belabieta Kirol Klubeko entrenatzaileak ostiralero batzen dira telematikoki, gimnastentzat asteko entrenamenduak sortu eta erronkak asmatzeko. Ekimen hau, hainbat aukera aztertu ondoren sortu zuten eta berrogeialdia amaitu bitartean egitea da asmoa, ez baitakite egoera bere onera itzultzean, denboraldiko txapelketekin jarraitzeko aukerarik izango duten edo ez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!