Osasun alarma egoera dela eta, 40 boluntario inguru dituen sare bat osatua du herrigunean Ibarrako Udalak, behar gehien duten herritarrei laguntza eskaini ahal izateko. Orain, gauza bera egin nahi dute landa eremuan bizi diren herritarrei laguntzeko, eta egitasmo berri bat jarri dute martxan: boluntario sare berri bat osatu nahian ari dira, baserritarrek haien jardunean izan ditzaketen beharrak bermatzeko.
Taldea osatu ahal izateko mezu bat zabaldu dute herritarren artean, eta dei egin diete landa eremuan ganadua zaintzeko prestakuntza dutenei. "Baserritarren bat koronabirusarekin kutsatuko balitz, bere ganadua behar bezala zainduta egongo dela bermatu nahi dugu", esan du ingurumen teknikariak. Lan horiek egiteko, ikasketa zehatzik ez dela behar esan dute, baina nekazaritzan gutxieneko ezagupenik baduten galdetuko diote boluntario bakoitzari.
Protokolo bat definitu dute eta hor zehaztutako pausoak jarraituko dituzte guztia kudeatu ahal izateko. Baserritarren batek laguntza beharko balu, koordinatzailearekin harremanetan jarri beharko du 648 102 809 zenbakira deituta. Bere beharren arabera, zerrendako boluntarioari abisatuko dio koordinatzaileak, eta ingurumen teknikariak azaldu duenez, hura arduratuko litzateke baserritarrarekin harremanetan jarri eta behar duen zerbitzua eskaintzeaz.
Boluntario gisa izena eman nahi duten herritarrek ingurugiroa@ibarra.eus helbidera idatzi beharko dute edo, bestela, 943 671 138 edota 648 102 809 zenbakietara deitu dezake.