Koronabirusa

Herritarrei lagundu ahal izateko hiru dekretu sinatu ditu Ibarrako Udalak

Ataria 2020ko mar. 25a, 19:57

Osasun alertan, laguntza gehien behar dutenen bidelagun izan nahi du Ibarrako Udalak. Gizarte saileko langileak lanean ari dira, beharrezkoak diren neurriak hartu eta prestatzen. 

COVID-19ak egiteko moduak aldatzeaz gain, behar gehiago azalaratu ditu Ibarrako Udaleko jardunean. Batez ere gizarte gaietako departamentuan nabaritu dute, herritarren segmentu ahulenari eragiten baitio gehien. Hori dela eta, bertako langileak sortu diren behar berriei erantzuten ari dira etengabe.

Adineko pertsonak arrisku egoeran daudenez, euren gertuko jarraipena egiten ari da udala. Hala, bakarrik bizi diren 70 urtez gorako pertsonei deiak egiten ari dira eta baita bikotea adin berekoa edo zaharragoa dutenei ere. Beharren diagnostiko bat osatzen ari da gizarte departamentua, egoera ezagutu eta horren araberako babesa eskaintzeko.

Bide horretan, pertsona horiei laguntzeko bolondres sarea osatu dute. 40 lagunek baina gehiagok eman dute izena ekimen horretan eta jarraitu behar duten protokoloa ere osatuta dago, inor arriskuan jar ez dadin.

Bestetik, mendekotasuna duten pertsonentzat eta zerbitzua ematen duten zaintzaile formal edo ez formalentzat ziurtagiriak egiten ari da Udala, euren lana burutzeko, mugikortasuna bermatua izan dezaten. Ziurtagiri horiek telematikoki eska daitezke.

Beste hainbat neurri

Elikagai-bankua momentuz bertan behera geratu denez, bertako erabiltzaileentzat eta gizarte larrialdikoentzat erosketa baleak egin ditu udalak, elikagaiak, botikak edo behar-beharrezko gaiak eros ditzaten. Bale horiek ekimen horretara batu diren Ibarrako dendetan erabil daitezke. Erosketa bale horiek eman ahal izateko, Udalak dekretu bat sortu du.

Aurrera begira, elikagai bankua berriz ere martxan jartzeko lanketa hasi dute, bai gizarte langileekin eta baita bolondresekin ere.

Bestetik, genero indarkeria gerta daitekeen kasuetarako informazioa zabaldu dute eta herritarren kolaborazioa eskatu dute horretarako. Udalak argi utzi nahi izan die herritarreu udaletxeko jarduna ez dagoela geldirik, beraz, babesa eta zerbitzuak ematen jarraitzen dutela bertatik.

Kale hezitzaileek kudeatzen duten programari dagokionez, bisita fisikorik ez, baina telefonoz eta telematikoki ari dira jarraipenak egiten adin txikiko erabiltzaileekin. Aldiz, etxez etxeko zerbitzuak osorik ematen jarraitzen da, krisiaren aurretik bezalaxe.

Udala jakitun da alarma egoera honek herritar askori sortuko dizkien arazo ekonomikoez eta horregatik, herritar guztientzat zerga ordainketen epeetan aldaketak burutu ditu dekretu baten bitartez.

Osasun alertagatik, Ibarrako Udalak COVID-19ari aurre egiteko neurrien artean, hala behar izan ezkero kontratazio prozeduretan larrialdia dagoela adierazteko aukera izatea onartu du dekretu bidez, krisi egoera honetan kontratazio publikoak egin behar badira, larrialdizko izaerarekin burutzeko.

Ibarrako Udalak koordinazio etengabea du osasun, polizia eta gizarte arloko agintaritzarekin eta jarraipena egiten ari da momentu oro, dauden beharrei erantzunak emateko. Eta noski, herritarrek ohiko bide hauek erabil ditzakete gizarte zerbitzuekin harremanetan jartzeko: 943670415 edo 648102809 eta gizarte@ibarra.eus

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!