GazteZulok I. Gaztelehiaketa jarri du martxan

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 23a, 11:34

Ibarrako gaztetxoentzat badu erronka GazteZulok: astean hiru egunetan lehiaketako frogak proposatuko zaizkie, eta beste bi egunetan bestelako ekimenak.

GazteZulok herriko haur eta nerabeentzat egitasmo berri bat jarri du martxan konfinamenduak irauten duen bitartean asperdura arintzeko. Familia giroan erronka desberdinei egin beharko diete aurre. Nerabe eta gazteei zuzendutako I. Gaztelehiaketak bi aste iraungo ditu eta sei froga izango ditu lehiaketa bakoitzak. Behin bi aste pasatakoan, 2. Gaztelehiaketa jarriko dute martxan.

 

Parte hartu nahi duten familia edo gaztetxoek, whatsapp bidez eman beharko dute izena, 688 810 300 zenbakian edota gaztezulo@ibarra.eus-era idatzita.

 

Whatsapp taldeen bidez zabalduko dira frogak eta baita sare sozialen bidez ere. Partaide bakoitzak bere adin tartean hartuko du parte: LH1 eta LH2, LH3 eta LH4, LH5 eta LH6, DBH1 eta DBH2 edota DBH3 eta DBH4. Hortik aurrerakoek ere parte hartu nahiko balute, eskaera bidali beharko dute.

 

Astelehen, asteazken eta ostiraletan proposatuko zaizkie frogak, guztira 6 froga bi astetan zehar. Frogak egin ondoren, puntuazioak emango dira: parte hartzaile guztiei puntu bat banatuko zaie eta lehenengo geratzen denari 4 puntu, bigarrenari 3 eta hirugarrenari 2 puntu. Horrela, sailkapena zabalduko da astelehen, asteazken eta ostiralero, parte hartzaileen inizialekin eta euren puntuazioarekin. Bi aste hauek pasatzean, irabazleak izendatuko dituzte eta sariak, konfinamendua pasa ondoren banatuko dira.

 

Lehiaketaz gain, astearte eta ostegunetan bestelako denbora pasa batzuk gomendatuko zaizkie herriko txikienei. Hala nola, eskulanak, pelikula, liburu eta bestelakoen gomendioak, errezetak... GazteZuloko dinamizatzaileen helburua, etxean egonagatik ere herriko txikiek ondo pasa dezaten aukerak eskaintzea da eta familian ondo pasatzeko aitzakiak ematea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!