Koronabirusa

Ibarrako Udala arrisku egoeran dauden emakumeei laguntzeko prest

Ataria 2020ko mar. 20a, 14:57

Ibarrako Udala indarkeria matxistarengatik arriskuan dauden emakumeen egoerarekin dago kezkatuta. Hori dela eta, udalak bere esku dagoen guztia egingo du erasoren bat jasaten duten emakumeei laguntzeko.

Itxialdi egoeraren aurrean, Ibarrako Udala kezkatuta dago etxe barruan eman daitekeen indarkeria matxista dela eta. "Horregatik, arrisku egoeran dauden emakume horiei bakarrik ez daudela adierazi nahi dio udalak eta lagundu ahal izateko gure esku dauden bitartekoak jarriko ditugula", esan du.

Esan du era berean, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak neurriak hartzera deitu duela jendartea, "itxialdi honen baldintzek indarkeria matxista jasaten duten emakumeak arrisku egoera handiagoan jartzen baititu". "Ibarrako Udaletik guztion erantzukizunari deituz, gizartearen eta batez ere bizilagunen jarrera aktiboa eskatzen dugu", esan du.

Etxeko indarkeria edo sexu erasoren bat jasan duten emakumeei gogoratu die 900840111 telefono zenbakira deitu ahal dutela informazio bila edota arreta jasotzeko. Telefono zenbaki hori 24 orduz dago erabilgarri; ez dute nork deitzen duen galdetuko, deia doakoa da eta ez da fakturan azalduko; 51 hizkuntzatan erantzun ahal dute; entzun edo hitz egin ezin duten pertsonei arreta emateko prest dago; edozein motatako indarkeria fisiko, psikologiko eta sexualen biktima diren emakume guztiek erabili ahal dute; eta familiakoei, ingurukoei eta profesionalei ere erantzuten diete. "Gune segurua da, inork ez du jakingo deitu duzula, telefono fakturan arrastorik uzten ez duelako; baina deitzen baduzu, ondoren ezabatu zenbakia deietatik", gogoratu du Ibarrako Udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!