«Euskara maite dute, baina ez dute erabiltzen; horren jakitun dira behintzat»

Irati Saizar Artola 2020ko mar. 20a, 08:58

Bi urtez Bizkaiko D ereduko ikastetxe bateko ikasleei jarraipena egin die Eider Saragueta ikerlari ibartarrak, hizkuntzaren inguruko tesi bat egiteko. 400 orri inguruko liburu batean jaso ditu, xehetasun osoz, hizkuntzaren inguruan bildu dituenak.

Gazteen hizkuntza erabilera, identitatea eta hizkuntzen arteko jauziak aztertu ditu Eider Saragueta EHUko ikerlariak (Ibarra, 1989) bere tesian. Translanguaging hezkuntza eleanitzean. Ikerketa etnografiko bat izenburuarekin aurkeztu du bere lana. 

Zer da zehazki aztertu duzuna tesi honetan? 

Elkarri lotuta dauden hiru gai aztertu ditut: batetik, euskararen erabilera, bestetik, ikasleen identitatea, eta azkenik, gela barruan egiten dituzten hizkuntza erabilerak.

Zein helbururekin egin duzu?

Hainbat helburu izan ditu. Alde batetik, ikasleen ahotsa entzun eta gaiaren inguruko iritzia jaso dut. Izan ere, askotan ikerketa handiak egiten dira, baina, protagonisten ahotsak falta zaizkigu. Eta beste aldetik, beraien hizkuntza erabilera aztertu, ikertu eta horri buruzko datuak jaso nahi izan ditut.

Horretarako, Bizkaiko eskola batean aritu zara. 

2014. urte inguruan, gure ikerketa taldeak proiektu edo esku-hartze bat martxan jartzea erabaki zuen. Horretarako, hainbat diru laguntza jaso genituen, eta horren ondorioz, deialdi zabal bat egin genien ikastetxeei. Bizkaiko herri bateko ikastetxe batek eman zigun baiezkoa eta bi urtez bertan egon nintzen ikasleekin, esku-hartze horren jarraipena egiten.

Zein lagin erabili duzu ikerketarako? 

10 eta 12 urte bitarteko ikasleekin egin nuen. Eskola horretan Amaraberri metodologia erabiltzen dute eta bi adinetako ikasleak elkartuta egoten dira gelan.

Eta irakasleek parte hartu dute ikerketan?

Esku-hartze bat egiterakoan, halabeharrez eta zorionez, irakasleen, zuzendaritza taldeen eta eskola komunitatearen laguntza ezinbestekoa da. Esku-hartzea zuzenean ikasleei zuzenduta zegoen, baina gelan irakasle bat egoten zen. Beraiekin harreman estua izan dut, etengabeko hartu-emana. Informazio asko eman didate.

Nola egin duzu esku-hartze hori?

Esku-hartze baten gakoetako bat, nire ustez, testuingurura egokitzea da, eta kasu honetan, eskolara. Gure proiektua eskolan martxan jarri baino lehen, hainbat bilera egin genituen eduki guztia egokitzeko. Ondoren, esku-hartzean, hainbat eta hainbat ariketa egiten genituen ikasleekin. Horien artean, adibidez, testu bat hiru hizkuntza desberdinetan irakurri behar zuten, eta ondoren, galderak euskaraz erantzun behar zituzten. Horrela, hizkuntzen arteko loturak eta harremanak ikusi ahal izan zituzten. 

Euskaraz gain, hizkuntzen arteko jauziak ere landu dituzue.

Euskarako, gaztelaniako eta ingeleseko saioetarako prestatu genituen esku-hartzeak. Gaur egun ikasleak eleaniztunak dira, baina ulertu behar duguna da hizkuntza guztietan ez dutela maila bera. Hizkuntza batean dauzkaten baliabideak, ordea, erabili ditzakete beste hizkuntzak ikasteko. Beraz, kasu batzuetan, ikasleek etxean jaso duten hizkuntza erabili dezakete beste hizkuntzak ikasteko.

Hizkuntza bat ikasterako garaian, beraz, beste hizkuntza batek lagun liezaioke.

Eleaniztunak garenak hiztun osoak gara, eta hizkuntza guztiak erabiltzeko aukera izan behar dugu. Gure kasuan, eskolan, hiru hizkuntzak indartzeko aukera daukagu. Horretarako, garrantzitsua da aurrez dauzkagun ezagutzak erabiltzea. Esaterako, euskararen ezagutza erabiltzea, gaztelania, ingelesa edo etorkizunean ikasiko duten hizkuntzaren bat ikasterako orduan.

Hizkuntzatik harago, identitateei begira ere jarri zara.

Hizkuntzak eta identitatearen artean lotura estua dagoela ikusi dut. Ikusi nahi nuen une horretan zer-nolako identitatea erakusten zuten ikasleek. Azken batean, identitatea malgua da, pertsonala eta bakarra da, baina ertz asko ditu, eta identitate hori hain zabala izanda, argazki bat atera nahi nuen eta ikusi nahi nuen ea ikasle horiek zer erausten zuten. Kasu horretan, hainbat ikaslek erakutsi dute euskaldunak sentitzen direla, baina erabilerari erreparatzen badiogu, ez daukatela joerarik euskara erabiltzeko. Hor, bestelako agertoki bat sortzen da, eta garrantzitsua da horri begiratzea.

Horrelako tesietan interesgarrienak emaitzak eta ondorioak izango dira.

Esku-hartzean zehar ikasleek hainbat ariketa egin behar izan zituzten. Argitu behar da ikasle horiek, esaterako, irakasleari zuzentzeko euskara erabiltzen zutela, baina modu ez formalean, beste edozer komentatzeko, erdara erabiltzen zutela. Esku-hartzearen ondorioz, ordea, ikusi dut euskara ez den beste hizkuntzaren bateko ariketa bat egiterakoan, zati bat euskaraz egin behar bazuten, beraien artean sortzen ziren elkarrizketa guztiak euskaraz izaten zirela.

Ikasleei batzuetan erabileran mugak jartzen dizkiegu, hizkuntzak oso modu zurrunean mugatzen saiatzen gara, baina askotan malgutasunak lagundu egiten du. Egia da gure esku-hartzea planifikatua izan dela eta helburu zehatz batzuk zituela; ezin da edozein momentutan edozein hizkuntza hitz egin. Hori ere argi utzi genuen, euskara delako gure hizkuntza eta gure ardatza.

Euskarari dagokionez zein ondorio atera dituzu?

Ikasleek euskararekiko dituzten sentimenduak oso baikorrak direla ikusi dugu, oso positiboak; euskara maite dute, gustuko dute, baina beraiek argi aitortzen dute ez dutela erabiltzen. Lagunekin hitz egiterakoan batzuetan egiten dutela diote, baina ez dela ohikoena, ez dutela ohiturarik. Interesgarriena da jakitea kontziente direla horretaz. Eta oso argi dute gainera euskararen etorkizunaren gakoa erabileran dagoela. 

Egoerak edota inguruak bultzatzen ditu ez erabiltzera?

Edonori gertatzen zaion gauza da. Denda batera sartu eta lehen hitza erdaraz egiten badiote, bigarren dendan ere hala egiten badiote, eta arreta zerbitzukoak ere horrela egiten badio, litekeena da laugarren elkarrizketan, ziurrenik etsipenez, erdaraz egitea. Ikasle hauek beraien herrian zer dagoen badakite. Eta euskal kontzientzia dugunok ere badakigu zein den egoera. Gertatzen dena da nekagarria dela. Ikasle hauen kasuan, adinez hain gazteak izanda, jakitun dira egoera zein den, eta horretara egokitzen dira. 

Behin tesi hau eginda, euskara zein egoeratan ikusten duzu?

Gaur egun, nire ustez, eskolak izugarrizko lana egiten ari dira. D eredua duela 30 urte inguru jarri zen martxan, eta ikusi dugu haur asko eta asko euskaldundu direla. Zoritxarrez, ordea, horrek ez dakar erabileran bultzada handirik. Eskolak bakarrik ezin du guztia egin, eta hori irakasleek ere oso argi dute. Hainbat instituzio, eragile eta erakunde daude tartean, eta guztien elkarlana beharrezkoa da. Uste dut adibide egokiak direla Euskaraldia bezalako egitasmoak.

Izan ere, zuk eskola batekoa aztertu duzu, baina ikasle horiek ikastetxetik ateratakoan bizitza gehiago dute. 

Ikasle horiek hainbat hizkuntza erabiltzen dituzte, eta ez euskara eta gaztelania soilik. Askok, etxean beste hizkuntza bat edo bi desberdin dituzte. Eta eskolara joaten direnean, hiru hizkuntza erakusten dira. Konturatzea kosta egiten zaigu, baina, gure herrietan hizkuntza asko eta asko daude. Ikerketa egin nuen herrian, esaterako, 100 hizkuntza inguru hitz egiten dira. Carme Junyent hizkuntzalariak duela gutxi Argia astekarian egindako elkarrizketan esan zuen eleaniztasuna dela euskara indartuko duena. Bat nator berarekin.

Ikerketan zehar zu ere horretaz jabetu zara. 

Bai, hizkuntzak elkar osagarriak izan daitezke. Ikasle batek etxean hizkuntza gutxitu bat badu, berari ere lagungarri zaio jakitea euskara debekatua egon zela, hizkuntza gutxitua izan zela. Hor, enpatia sortzen da.

Hizkuntza kontzientzia garatzen da, beraz. 

Zentzu batean, hainbat ariketen bidez ikasleak hizkuntzaren inguruko kontzientzia hori izatea, eta batez ere horretaz hausnartzea izan dugu helburu.

Beste ondoriorik atera duzu ikerketan? 

Inplikazio moduan esango nuke Euskal Herrian hainbat eta hainbat egoera desberdin daudela. Ez da berdina Bilboko auzo batean dagoen egoera, Donibane Garazin aurkitu dezakeguna, edo Lizartzan ikus dezakeguna. Uste dut interesgarria izango litzatekeela horrelako beste lan batzuk egitea eta ikustea besteetan zein emaitza lortu diren.

Tesitik zure ibilbidera joz, nolatan iritsi zara lan hau egitera?

Unibertsitatean Magisteritzako ikasketak egin nituen. Ondoren, Gizarte eta Kultura Antropologia ikasi nuen Donostian, eta horren ostean, Eleaniztasuna eta Hezkuntza masterra egin nuen. Momentu batez, nire ikasketak zintzilik ikusten nituen, baina masterraren ondotik aukera sortu zitzaidan tesia egiteko. Jasone Zenoz izan da lan honen zuzendaria; unibertsitateko katedraduna da, eta berak esan zidan lan hau egiten hasteko aproposa izan zitekeela nire profila. 2014-2015 ikasturtean, Eusko Jaurlaritzak ateratzen duen doktore-aurreko beka bat eskatu nuen eta zorionez eman egin zidaten, beraz, aukera izan nuen zuzenean proiektuan sartzeko.

Eta egun, unibertsitatearen bueltan jarraitzen duzu.

Gaur egun unibertsitatean egiten dut lan, DREAM –Donostia Research group on Education and Multilingualism– ikerketa taldearekin. Aukera izan dut bertan geratu eta jarraitzeko, eta orain lan honen ildo bereko beste proiektu batzuetan sartuta gaude. Oso pozik eta gustura nago.

Euskara ardatz hartuta aritu zara lanean. Bazenuen horrelako ardura bat edo hizkuntzekiko?

Euskal hiztunak garenok askotan ateratzen dugun gaia da euskararena, kezka badugulako. Erakundeei ere kezka sortzen zaie, azken batean, Soziolinguistika Klusterrak eta Eusko Jaurlaritzak egin dituzten hainbat ikerketetan ikusi baitugu egoera zein den. Orokorrean, euskal hiztunok badugu kezka euskararen erabileraren inguruan.

Tesia bukatuta, 400 orri inguruko liburu bat duzu eskuartean. 

Bai, zehazki 418 orriko tesia egin dut. Oso zabala da, sakoneko ikerketa bat izan baita, informazio, adibide eta datu asko dituena. Ikasleen ahotsek ñabardura asko edukitzen dituzte, eta guztiak bildu nahi izan ditut. Bi urteko zuzeneko behaketaren emaitza izan da.

DOKTORETZA TESIA


Izenburua: Translanguaging hezkuntza-eleanitzean. Ikerketa etnografiko bat.

Egilea: Eider Saragueta Garrido. Zuzendaria: Jasone Cenoz Iragui.

Orriak: 418.

Hizkuntza: Euskara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!