Tolosaldea ia salbu dago, momentuz, koronabirusetik.
Momentuz Tolosaldea Koronabirusetik salbu badago, lehen momentutik hartu diren neurriak egokiak izan direlako izan da. Batez ere, hasiera-hasieratik saiatu garelako, positibo izan zitezkeenetatik atzematen, eta haren kontaktu guztiak atzeman eta isolamenduan sartzen. Egia da batzuek eskuetatik ihes egin dute eta hor daude Madril edota Txagorritxuko kasuak; gaitzari buelta eman ezinik dabiltza. Baina hasiera-hasieratik hartu diren neurriak gehiegizkoak iruditu arren, eraginkorrak izan dira, eta Gipuzkoan ematen du funtzionatu duela, oso kasu gutxi ditugulako.
Lehenik eta behin zein aholku jarraitu behar dira ez kutsatzeko, eta ez zabaltzekoa?
Susmoa badugu positiboa eman duen kutsaturen batekin kontaktua izan dugula, isolamenduan sartzea, eta jarraitu beharreko protokoloak betetzea izango litzateke. Jende pilaketak ekidin, bi metroko distantzia mantendu, eta musu eta besarkadak gertukoekin ekiditea dagokigu arnas jariakinetatik transmititzen delako birus hau. Gero, higiene neurriak areagotu beharko ditugu. Doministiku bat egin behar dugunean beste aldera begira edo ukondora egin. Eskuen garbiketa, behin eta berriz, esan den moduan, oso zorrotza izatea. Bi edo bost egun iraun dezake birus horrek inguruan ditugun altzarietan. Altzari horiek ukitzen baditugu, eta gero eskuak aurpegira edo begietara eramaten baditugu, hor transmisio bide bat dago, eta hori mozteko, eskuen higieneak oso-oso eskrupulosoa izan behar du. Pertsona ahulekin kontaktu esturik ez izatea da, bestea.
Beldurtu beharko genuke?
Beldurtu-beldurtu, ez, gaitza aparteko ezer ez delako; gripearen antzeko zerbait da, eta sintomak ere antzekoak ditu. Gaixotzen direnen %90a sendatu egiten da. Horiekin ez daukagu inolako arazorik. Baina dakiguna da, gaixotzen den %10a larriki gaixotzen dela.
Hor dago gakoa.
Larriki gaixotzen direnekin dago gakoa. Gure osasun sarean neurri batera iritsi gaitezke. Kasuak, bat-batean, bider 10 edo bider 100 egiten bazaizkigu, larriki gaixotzen diren %10 horiek izugarri izango dira. Eta horiei denei beharrezko laguntza emateko beharbada ez dugu gaitasunik izango. Kaos sentsazioa hortik dator, eta ikusi dugu esponentzialki arin ari dela igotzen, hau da, gaixoen kurba mendi punta zorrotz baten tankera ari da hartzen. Horrek saturazio batera eramaten gaitu, sistema sanitarioaren saturazio batera. Nik uste dut alarmistak izaten saiatu direla edo garela gauza guztiak itxiz, kasuak gutxitzen joan daitezen. Desagertu ez dira egingo, eta esaten dute punta hemendik bi hilabetera izango dugula, Txinan horrela gertatu delako. Bertan orain ari dira goitik behera ikusten. Mendi zorrotz horren punta lehen kasua agertu eta handik bi hilabetera gertatzen da.
Denbora dugu aurretik, beraz.
Horixe da. Agertu behar bada agertu daitezela, baina mendi zorrotza izan beharrean, izan dadila muino lau bat. Kasu gutxi, denbora luzean zehar. Horrela gure osasun sistemari denbora ematen dio, gainezka ez egiteko, eta denbora ematen digu txertoak gertatu behar badira agertzeko edo tratamendu berriak esperimentatzen ari badira, haiek agertzeko. Nik uste dut alarmismo hau sortu dela, ez gaitzak, berez, denok hilko gaituelako, baizik eta, %10 larri horiei behar duten babesa eman ahal izateko.
Guzti honek gizarte osoaren ekarpena eta elkarlana behar ditu.
Nik uste dut behingoagatik helduak izan behar dugula. Gure zaharrak uste dut ohitu zirela honelako drametan aurrera ateratzen, gerrateak edota goseteak zirela eta. Gu ongizate gizarte batean hezi gara, eta behin ere ez dugu gure buruaz aparte gizartean gainontzekoekiko behar hori ikusi. Denok gizartearen parte garela sentitze hori. Denok izan behar gara koherenteak eta aipatutako neurriekin denok parte hartu behar dugu; Arduraren partea dugu eta horregatik helduak izan behar gara. Pertsonatik pertsonara kutsatzen da, eta gaitzak aurrera egin ez dezan eta ahalik eta azkarren moztu dezagun.
Zer da birus hau eta zein ezaugarri ditu?
Animalietatik datorren birus bat da. Koronabirus familia ezberdinak daude. Lau taldetan banatzen dira, eta batzuekin harremana dugu. Gure artean daude, eta katarrotxo bat ematen digute besterik gabe. Birus hau erreserbatzen dutenak animaliak dira, eta batez ere saguzarrak. Tartean-tartean, gizakiekin harremanik izan ez duen edo mutazio bat izan duen koronabirus berri bat animalietatik gizakiarengana pasatzen da. Gizakiarentzat berria da, eta ez da sekula kontaktuan egon birus horrekin. Gure immunitate sistemak ez dauka memoriarik horri aurre egiteko. Orduan, derrigor gaixotzen gara.
Kutsatuz gero, zein sintoma izango ditu gaixoak?
Gripe baten berdina. Hasiera batean eztula ematen du, %80ean, eta baita sukarra ere. Gero, %30ek, arnas larritasuna sumatzen du. Biriketan inflamazio bat sortzen du, eta era berezi bateko pneumonia ematen du. Hori da larriki gaixotzen gaituena batez ere. Hiru sintoma horiek dira nagusi, baina aparte eman dezake gorputz txarra, muskuluetako mina, diarrearen bat,... baina %10a baino gutxiago dira sintoma horiek.
Zer egin behar du sintoma horiek dituela uste duenak?
Hasieran irizpide epidemiologikoak erabiltzen genituen, hau da, egon zaren txinan edo italiarrekin kontaktuan... Bidaiaren bat, Gasteizen edo Madrilen. Gripe hutsa den esateko edo beste zerbait izan daitekeen esateko. Momentuz berdin jarraitzen dugu. Baina pentsatzen badugu kontakturik izan dugula susmagarria den norbaitekin, lehenengo gauza etxean geratzea da, larri ez bagaude behintzat. Gripe baten antzeko sintomak baditugu etxean geratuko gara. Horretarako jarri den telefono zenbakira deituko da: 900 20 30 50era. Hor galdera mordo bat egingo dizkiote, eta hala balitz, erizain talde bat bere etxera joango da. Ahotik lagin bat hartuko diote analizatu ahal izateko.
Baina gauza berdina egingo dugu baita kontaktua izan dugula uste eta sintomarik ez dugunean ere. Zergatik? Badagoelako kutsatu denetik sintomak agertzera bi edo bost egun behar dituen jendea, eta kutsatzen jarraitu dezakegu. Etxean gela batean sartu, eta telefono zenbakira deitu beharko genuke.
Ez gara anbulatoriora joango?
Ez. Gripea ere azken arrastoak ematen gure artean daukagu. Momentu honetako helburua kasu positibo batek ez ihes egitea da. Hori izango delako zabalduko dituena.
Osakidetza prest dago etorri daitekeenari aurre egiteko?
Nik esango nuke baietz, orain arte esan dizkiguten neurriak hartzen baditugu. Hau da, lehen aipatu dudan muino txiki hori lortzen badugu egitea; kasu gutxi denboran zehar. Guk ere gure unitate oso mugatuak dauzkagu. Neurri hauek esajeratuak iruditu bazaizkigu ere, horri begira doaz, osasun sistema ez betetze aldera. Prestatuta gaude, bai, esaten dizkiguten gauzak ondo egiten baditugu. Bestela kaos bat gertatu daiteke, Italian edo Madrilen bezala, eta hori da ekidin nahi duguna.