Helburuak zehaztu dituzte aurtengo aurrekonturako

Irati Saizar Artola 2020ko mar. 4a, 19:59

Ibarrako kiroldegiko teilatua berrituko du aurten udalak; herriko sarrera txukundu eta Bizi Nahi elkartean konponketak egiteko asmoa ere azaldu du.

Urtea amaitzerako onartua zuen aurrekontua Ibarrako Udalak; EH Bilduko sei hautetsiek eta EAJ alderdiko lauek eman zuten baiezko botoa, eta PSE-EEkoa ez zen bilkurara joan. 5.100.000 euro ingururekin itxi zuten aurtengoa. Martxan zituzten lanekin jarraitzeaz gain, kiroldegiko teilatu berria, herri sarrerako obrak eta Bizi Nahi elkarteko konponketa lanak izango dituzte helburu nagusi.

Herriko hainbat eraikin edo gune identifikatu ditu udalak berritzea edo txukunketa bat egitea behar zutenak. Horietako bat da kiroldegia. Eraikinak frontoia eta kantxa ditu, eta kantxako teilatu guztia eraberrituko dutela azaldu du Igor Zapirain Ibarrako alkateak: «Estalpea berritzeaz gain, Uzturpe ikastola aldera ematen duen leihoetan harmaila txiki bat ireki nahi dugu; era berean, hotstabetu ere egin nahi dugu». Inbertsioen «zatirik handiena» kendu die obra horiek; 380.000 euro inguruko kostua izango dutela aurreikusi dute. Udan egin nahi dituzte obra lanak, eta dagoeneko hasiak dira agiriak batzen eta osatzen.

SARRERA TXUKUNTZEKO

Beste inbertsioetako bat herri sarreran egin nahi dute, hau da, Tolosa eta Ibarra elkartzen diren eremuan. Batetik, seinalizazioak sinplifikatu nahi dituzte: «Tolosatik Ibarrara zoazela bi herrien izenak zazpi aldiz edo ikus daitezke, eta behin eta txukun jartzearekin nahikoa dela iruditzen zaigu». Horrez gain, Apatta industriagunera igotzeko seinaleak ez daudela egoki jarrita azaldu du Zapirainek, eta kamioiak, askotan, «nahastu» egiten direla. Beraz, seinalea Tolosa alderago jartzeko eskatuko diote Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Herri sarrerarekin lotuta, murala dagoen inguru horretako baranda izorratuta dagoela dio Ibarrako alkateak. Hori horrela, baranda kendu eta jardinera bat jarriko dute errepide aldamenean: «Plaza giroko eremu bat sortu nahi dugu, banku batzuekin. Oinezkoentzat gehiago ahalbidetu nahi dugu». Era berean, bertan dauden edukiontziak tapatu egin nahi dituzte, «herrira sartu eta lehen planoan gera ez daitezen».

«ERAKARGARRIAGOA»

Aurten, Bizi Nahi elkarteari txukundu bat eman nahi dio udalak. Hilabeteak daramatza bertako tabernak itxita, eta zerbitzua ematen hasi aurretik berritu egin nahi dutela azaldu du Nagore Zubillaga Ibarrako zinegotziak. Txukunketa lan horiek amaitzen dituztenean aterako dute tabernako zerbitzua lehiaketara. Aurten, beraz, sarrera eta tabernako lurra aldatu eta pintatzea da asmoa. «Erakargarriagoa egin nahi dugu bai erabiltzaileentzat eta baita lan egingo duenarentzat ere», zehaztu du Zubillagak.

PIPERRAREN BIDEA

Ibarrako ezaugarri nagusienetako bat da piperra. Bere «presentzia indartzeko», liburu bat kaleratuko dute aurten, eta horrekin batera piperraren bideasortu nahi dute: «Zirkuitu bat sortu nahi dugu, familiartean paseo bat eman ahal izateko». 2018an sortu zen Piperraren Mahaia, eta bigarren bilkura bat egingo dute aurten, liburua eta bidea aurkezteko.

Izaskun auzoan ibilbide bat egin nahi dute aurten. Izaskun jatetxetik hasi eta zirkuitu bat seinalatzea pentsatu dute, hiru kilometro inguru izango dituena. «Nahiko erosoa da ibilbidea, aldapa gutxi duena; edonork egiteko modukoa izango da», azaldu du Zapirainek.

Ingurumenari dagokionez, ikerketa bat egin nahi dute eguzki plaken inguruan. Kiroldegiko estalpean jarriz hasi nahiko lukete, baina horretarako ikerketa eginda eduki nahi dute.

Bestalde, iaz hasitako lanei jarraipena emateko asmoa erakutsi dute. Besteak beste, argiteriari dagokionez, LED argiak jarriak dituzte hainbat auzotan eta aurten auzo gehiagotara iristea da asmoa. Iaz barandak berritzen eta margotzen hasitako lanek ere jarraipena izango dute aurten.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!