Ibarrak brontzea lortu du munduko txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 21a, 10:29

Finalerdietan galdu ondoren, hirugarren postuaren lehian Gaztedirekin aurka aritu ziren ibartarrak. 560 kilotan lortu dute domina.

Lehen egun arrakastatsua izan zen atzokoa euskal taldeentzat, goma gaineko munduko txapelketan, Irlandako Letterkenny herrian. Bost domina lortu zituzten lau talderen artean: urrezko bat (Badaiotzek), bi zilarrezko (Beti Gaztek) eta bi brontzezko (Gaztedik eta Ibarrak).

Emakumezkoen 540 kiloko finala Badaiotzek eta Beti Gaztek jokatu zuten elkarren aurka, eta arabarrek irabazi zuten urrea. Bizkaiko Gaztedik borobildu zuen euskal herritarren lana, brontzezko dominarako lehian Herbehereetako Monickendami irabazi baitzion.

Arratsaldean, Beti Gaztek zilarrezko beste domina bat irabazi zuen, 580 kiloko mistoan. Monickendamen aurka galdu zuen finala. Zuraide laugarren gelditu zen. Gizonezkoen 560 kilokoan, berriz, Ibarrak eta Gaztedik finalerdiak galdu zituzten, eta elkarren aurka lehiatu ziren brontzea lortzeko. Gipuzkoarrek irabazi zuten.

Gaur taldekako lehien azken eguna izango da. Bihar, nazioen arteko borroka hasiko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!