Ibarrako sokatiralariak, Euskal Herriko txapeldun

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 19a, 18:49

Gizonezkoek lortu dute txapela, 560 kilotan; txapelketa mistoan hirugarren postua lortu du Ibarrak.

Euskal Herriko Txapelketa irabaztea lortu dute Ibarrako gizonezko tiralariek, 560 kiloko mailan. Zortzi tiralariz osatutako taldea, Lesakako Beti gazte eta Gaztediko Laukiz taldearen aurretik geratu ziren. Txapela eskuratzearekin batera, gaurtik igandera Letterkenny (Irlanda) herrian izango den Munduko Txapelketan Euskal Herria ordezkatzeko aukera izango dute.

Ibarrako emakumeek, bere aldetik, bosgarren postua lortu zuten 500 kiloko mailan. Badaiotzek (Abetxuko), Txantreak (Iruñerria) eta Beti Gaztek (Lesaka) osatu zituzten lehen hiru postuak. Larunbatean jokatu ziren bi txapelketa horiek, Berriozarren. Emakumeei dagokienez, hirugarren eta azken jardunaldia izan zuten jokoan. Gizonezkoen txapelketa jardunaldi horretan bakarrik jokatu zuten. Euskal Herriko goma gaineko txapelketan, neska zein mutiletan mailarik txikienean tira zuten Ibarrako tiralariek.

Igandean txapelketa mistoa izan zuten jokoan, Ezkabarten (Nafarroa). Lau neska eta lau mutilez osatutako taldeek parte hartzen dute txapelketa mistoan, eta 580 kilotan sartu behar izan dute tiratzaileek. Hirugarren postua lortu zuten Ibarrakoek, zazpi aurkarien kontra aritu ostean: Berriozar, Beti-Gazte, Txantrea, Antsoain, Bizindar, Gaztedi A eta Gaztedi B. Beti Gazte nagusitu zen, eta Txantrea izan zen bigarren.

MUNDUKO TXAPELKETARA

Gaur abiatu dira 22 kirolari Ibarratik Letterkennyra, Munduko Goma gaineko sokatira txapelketan parte hartzera. Hain justu, gaur bertan izan dute pisaketa eguna. Ondoren, bihar eta etzi talde moduan lehiatuko dira Ibarra izenpean, gizonezkoen eta emakumezkoen mailan, zein txapelketa mistoan. Gizonezkoen 560 kiloko mailan lehen postua borrokatzeko asmoz joango dira.

Larunbatean eta igandean, berriz, nazioen arteko lehia izango da, eta Ibarrako gizonezkoen 560 kiloko taldea izango da Euskal Herria ordezkatuko duena. Ibarrako tiratzaileak izango dira batez ere Euskal Herriko selekzioa osatuko dutenak maila horretan, eta agian beste talde batzuetako kirolariak ere sartuko dira. Bestalde, 23 urtez azpiko emakumezkoen Euskal Herriko taldean, Ibarrako bi tiratzailek parte hartuko dute.

Munduko Txapelketa bi urtez behin egiten da. Euskal Herriko tiratzaileez gain, aurtengoan parte hartuko dute Irlanda, Errusia, Txina-Taipei, Herbehereak, Hego Afrika eta Alemaniako kirolariek. Txinako tiratzaileak izan ohi dira aurkari gogorrenak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!