Hamahiru minutuko isilunea egin du LABek, aurten hildako langileengatik

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko ots. 19a, 17:57

Hamahiru minutuko elkarretaratzea egin du LAB sindikatuak, Ibarran, urte honetan hamahiru langile hil direla salatzeko. 2020 urte hasieratik hamaika langile hil dira, eta oraindik Zaldibarko zabortegian lurpean dauden langileak gehitu dizkiete.

Urtetik urtera lan ezbeharrak ugalduz doazela dio sindikatuak. «Azken hamar urteetan 648 langile hil dira, eta aurten, 11 hildako horiei Zaldibarren lurperatuta dauden beste bi langile gehitu behar zaizkie», adierazi du Yoana Mendez LAB sindikatuko kideak. Arazo «sozial eta estrukturala» dela azpimarratu du: «Ez du ematen gaia azaleratzeko interes handiegirik dagoenik euskal gobernuaren aldetik, ez eta patronalaren aldetik ere».

Egiturazko «arrazoi argiak» daudela azaldu du Mendezek: «Prekarietatea, enpleguaren kalitate eskasa eta prebentzio neurri egokiak ez hartzea dira hauen oinarri. Hau da, azpikontratazioa, kontratu partzialak, lan erritmo biziak, formazio eza, eta abar luze bat».

LAB sindikatuaren ustez, honen guztiaren atzean, interes garbiak daude: «Batzuk diru gehiago irabazi nahi dute, beste batzuen kontra. Egunero-egunero, batzuk diru gehiago irabazteko, gero eta gehiago dira beraien bizitza arriskuan jarri behar duten langileak, eta baita bizia galtzen dutenak ere».

«Istripuen gorakada ezin dugu jarri jarduera ekonomikoaren hazkundearen ondorio moduan, erakundeek esaten diguten bezala. Guretzat prekarietatearen politiken ondorio dira», nabarmendu du Mendezek. Era berean, lan osasunean ematean den «kontrol eza» salatu du: «Confebaskek ez du honi buruz hitz egin nahi, eta Osalanek gizarte osoaren porrota dela esaten du», dio.

Irtenbideak badituztela ekarri du gogora: «Enplegu duina eta kalitatezkoa sortzea; lan osasun politikak errotik aldatzea; enpresen gaineko kontrola, ikuskaritza eta zehazpen eredugarriak areagotzea; eta lanbide gaixotasunei beharrezkoa duten zentraltasuna ematea lan osasun politiketan».

Bukatzeko, Zaldibarko zabortegian gertatutakoa salatu dute: «Bi langile desagertuta daude duela 12 egunetik. 48.000 herritar alerta egoeran jarri ditu Osakidetzak kutsadura maila altua delako, eta informazio aldetik zehaztasun eta aholku falta nabaria da».

Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, Osakidetza eta Osalan, berriro ere, «arduragabekeriaz» jokatzen ari direla adierazi dute. «Argia da duten noraeza, eta tartean lehendakariak desagertuta jarraitzen du, baina, ez zabortegiko zaborraren azpian, noski».

LABek sindikatu moduan, «ardura handi bat» dutela azpimarratu du: «Zer gertatzen da kalean lanean dauden langileekin? Zein aholku daude beraientzako? Hor daude kale garbiketa egiten dutenak, zama lanak egiten dituztenak, obretan lanean daudenak,... hauentzat ez dago aholkurik». Prebentzio neurririk ez dagoela dio, eta Eusko Jaurlaritza, Lan Ikuskaritzari eta Osalani langile hauei eman beharreko aholkuak emateko exijitzen diote, eta «horren inguruko neurriak hartu ditzatela».

Agerraldia ez du bukatu nahi izan LAB sindikatuko ordezkariak, Zaldibarko bi langileak aipatu gabe: «Nahikoa da. Bada garaia langile hauek ateratzeko, eta beraien familiei atseden pixka bat emateko». Ez dagoela honetarako eskubiderik aldarrikatu du: «lanetik bizirik, osorik eta osasuntsu bueltatu nahi dugu».

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!