Ibarrako Sokatira taldea Euskal Herriko txapeldunorde

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 8a, 20:14

Beti Gaztek irabazi du Gizonezkoen Goma Gaineko 8x8 Euskal Herriko Sokatira Txapelketa Ibarrako Belabieta kiroldegian. Emakumezkoek ligaxkako bigarren jardunaldia jokatu dute.

Gizonezkoen kategorian (600 kilo), Ibarra, Beti Gazte, Berriozar, Txantrea, Gaztedi eta Murueta taldeak ariko dira Euskal Herriko txapelaren bila eta azkenean Beti Gazte taldekoek eraman dute txapelketa, tiraldi guztiak irabazi ondoren.

Ibarrako taldea ere txukun aritu da etxean, eta hain zuzen, Beti Gazte ez beste talde guztiak garaitu ditu. 12 puntu lortuta, txapeldunorde geratu da.

Hirugarren postuan berdinduta geratu dira Berriozar eta Gaztedi, zazpina puntu eskuratuta. Desenpatea jokatu behar izan dute eta azkenean, brontzezko domina eskuratu ahal izan du Gaztedi taldeak. Atzetik sailkatu dira Murueta eta Txantrea.

Emakumezkoen ligaxka

Emakumezko kategorian (500 kilo), ligaxkako bigarren jardunaldia jokatu dute Ibarrako Belabieta kiroldegian eta hemen ere, Beti Gazteko nafarrek batu dituzte puntu gehien. Tiraldi guztiak irabazita, 15 puntu batu dituzte gaurko jardunaldian.

Badaiotz geratu da bigarren 12 punturekin, Txantrea hirugarren 9 punturekin, Gaztedi laugarren 6 punturekin, Ibarra bosgarren 3 punturekin eta Antsoain seigarren, puntu bakar bat ere eskuratu gabe.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!