Pailazoak eta txotx irekiera, astebururako

Ataria 2020ko otsailaren 6a

2016ko Sendi Ekintza eguna.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Bizi Dantza ikuskizuna eskainiko dute bihar arratsaldean Ibarran. Larunbatean, Sendi Ekintza elkartearen eguna ospatuko dute.

Hutsik egiten ez duten bi hitzordu izango dituzte ibartarrek asteburuan. Batetik, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Bizi Dantza ikuskizuna eskainiko dute bihar arratsaldean, eta bestetik, etzi, larunbata, Sendi Ekintza elkartearen eguna ospatuko dute, txotx irekierarekin, elkartean bertan.

Sendi Ekintzaren egunerako, urtero legez, txotx irekierarako jarri dute hitzordua. 19:00etan izango da, eta aurten, Alurr dantza taldeko eta Uzturpe ikastolako ordezkariak gonbidatu dituzte sagardo berriaren txotxaren irekiera egin dezaten.

Horrez gain, elkartearen aurtengo batzar nagusia bihar egingo dute; 18:30ean lehen deialdian eta 19:00etan bigarren deialdia.

'BIZI DANTZA' IKUSKIZUNA

Alurr Dantza taldearen 25. urteurrena dela eta, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Bizi Dantza ikuskizuna eskainiko dute, bihar, Ibarrako Belabieta kiroldegian. Saioa 18:30ean hasiko da.

Emanaldian zehar, Alurren presentzia nabarituko da. Dantza taldeko kideek parte hartuko dute dantza batzuk eginez. Bideo baten bitartez, bertaratzeko gonbidapena luzatu dute hiru pailazoek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!