Ibarra Sokatira taldea, Euskal Herriko txapelaren bila

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ots. 5a, 19:59

Larunbatean, Gizonezkoen Goma Gaineko Euskal Herriko 8x8 Sokatira Txapelketako finala jokatuko da, Ibarran. Dulantzin garaipena lortzetik datoz ibartarrak.

Pasa den larunbatean, hilak 1, Goma Gaineko Euskal Herriko 8x8 Sokatira Txapelketako jardunaldia jokatu zen Dulantzin (Araba). Bi kategoriatan jokatu zen txapelketa, eta bietan izan ziren Ibarra taldeko sokatiralariak. Lehena, emakumezkoen 500 kilokoa izan zen. Hauek, ligaxka formatuan ari dira jokatzen, hiru jardunaldi puntuagarrirekin, eta Dulantzikoa izan zen lehen jardunaldia. Bestetik, berriz, gizonen 600 kilokoa. Hauentzat bigarren jardunaldia izan zen, finalera sailkatuko ziren taldeak zein izango ziren erabaki zituena. Lehen jardunaldia, Burgelun (Araba) jokatu zuten.

Emakumezkoetan, Badaiotz talde arabarra izan zen onena, 6 puntu lortuz. Bigarren eta hirugarren, Txantrea eta Beti Gazte talde nafarrak izan ziren, hurrenez hurren, 5 eta 4 puntu lortu zituztelarik. Laugarren, berriz, Bizkaiko Gaztedi taldea izan zen, 3 puntu eskuratuz. Ibartarrak bosgarren izan ziren, eta bi puntu lortu zituzten. Azken postuan, Antsoain talde nafarra sailkatu zen, puntu bakarra eskuratuz.

Gizonezkoetan, ibartarrak izan ziren onenak, eta beraz, eskualdeko sokatiralariek lortu zituzten lehen postuari dagozkion zazpi puntuak. Hauen atzetik, 6 puntu eskuratuz, Beti Gazte talde nafarra izan zen. Hirugarren postuan, berriz, Murueta sailkatu zen, 5 puntu lortuz. Gaztedikoek ez zuten egun onena izan, eta laugarren postuarekin konformatu behar izan zuten, 4 puntu lortuz. Kontuan izan behar da, lehen jardunaldian, bigarren izan zirela bizkaitarrak.

Gizonezkoen sailkapen orokorrari dagokionez, Beti Gazte taldea kokatu da lehen postuan, 13 punturekin. Ibartarrak bigarren postuan daude, nafarrengandik puntu bakarrera. Hirugarren eta laugarren postuan bi talde bizkaitar daude: Gaztedi 10 punturekin, eta Murueta 8 punturekin. Nafarroako beste hiru taldeak, sailkapeneko azken postuetan daude: bosgarren postuan Berriozar, 7 punturekin; seigarren tokian Txantrea, 4 punturekin; eta sailkapena itxiz, berriz, Antsoain, 2 punturekin. Kasu honetan, lehen sei taldeak sailkatu dira finalera, Antsoain kanpoan geratuz.

IBARRAKO SAIOA, 17:00ETAN

Larunbat honetan, hilak 8, Ibarrako Belabieta kiroldegian jokatuko da Goma Gaineko Euskal Herriko 8x8 Sokatira Txapelketako hurrengo jardunaldia, gizonezkoetan (600 kilo) eta emakumezkoetan (500 kilo). Gizonezkoek, ligaxkako bi jardunaldiak jokatu ondoren, finala jokatuko dute Ibarran. Emakumezkoen kasuan, berriz, ligaxkako bigarren jardunaldia izango da.

Arratsaldeko 17:00etan hasiko da proba, eta partaideen artean, Ibarrako bi taldeak izango dira lehian. Emakumezkoetan, aurrez aipatu moduan, ibartarrez gain, Antsoain, Gaztedi, Badaiotz, Txantrea eta Beti Gazte taldeak izango dira. Azken hirurak dira sailkapeneko lehen postuetan daudenak. Ibartarrek, ordea, herritarren aurrean saio on bat egiten ahaleginduko dira.

Gizonezkoen kategorian, Ibarra, Beti Gazte, Berriozar, Txantrea, Gaztedi eta Murueta taldeak ariko dira Euskal Herriko txapelaren bila. Badirudi lehen bien artean egongo dela lehia, sailkapen nagusiko lehen bi postuen jabe baitira, puntu bakarreko aldearekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!