Etorkizunak kezkatzen duen horietakoa da Manex Garmendia (Ibarra, 2004). Ikaslea da, eta atzoko egunaren aurrean «ardura bat» sentitu zuen. Lurralde mailako, zein eskualdeko mobilizazioetan parte hartu zuen.
Zer dela eta egin duzu greba?
Nire bizitzarako lan eta pentsio duinak nahi ditudalako grebarekin bat egitea erabaki dut. Ikasleon eskubideak defendatu eta etorkizun hobe bat eraiki dezaten nahiko nuke.
Garrantzitsua da gazteak, eta bereziki ikasleak, mobilizatzea?
Bai, oso. Ikasleok ere etorkizun batean horrelako egoera kaxkarrik pasa ez dezagun orain egin behar dugu indarra. Ikasleak eta jende gaztea ere atera behar du mobilizazioetara, borrokak aurrera jarrai dezan.
Zenbaterainoko ardura du gazte batek pentsiodunen inguruko aldarrikapenetan?
Gazteok pentsiodun batek bezalako ardura dugu gai honen bueltan. Noizbait, guztiok izango baikara pentsiodunak.
Mobilizazioetan parte hartu zenuen?
Bai, ikasleen presentzia bermatze aldera egin nuen bat mobilizazioekin.
Grebaren prestaketa saioetan hartu al duzu parte?
Herrian bertan egin ditugu greba prestatzeko bilerak, eta ikaslea naizen aldetik parte hartu dut saio horietan.
Greba honen ostean, nola irudikatu nahiko zenuke etorkizuna?
Etorkizunean mundu justuago bat nahiko nuke; espainiar estatuari presioa sartzea gauzak hobetu daitezen, eta etorkizunean, lan, pentsio eta bizitza duinak eduki ditzagun.