Aimar Uson, hatzetatik zintzilik

Imanol Garcia Landa 2020ko urt. 16a, 19:59

Eskalatzaile ibartar gaztea emaitza nabarmenak lortzen ari da txapelketetan; hiru hilabete geldirik egon behar du orain lesio batengatik, eta irrikaz dago berriro ere hormak igotzen hasteko.

Txikitatik hasi zen Aimar Uson ibartarra eskaladaren munduan. Bere aitaren bitartez murgildu zen mundu horretan, eta zortzi urte zituela ikusi zuen txapelketetan maila onean aritu zitekeela. «Marokora joan ginen bidaia batean, eta 6a zailtasuna duen bide bat egin nuen bertan. Horrek motibatu ninduen entrenatzen hasi eta ahal bezain eskalatzaile ona izateko», azaldu du Usonek.

Aurten hamasei urte beteko ditu eskalatzaile gazteak. 2018an hasi zen txapelketetan parte hartzen, eta besteak beste, Espainiako Txapelketa irabaztea lortu zuen bere adinean. Iaz ezin izan zuen parte hartu Espainiakoan, lesio bat tarteko, baina Europako eta Munduko txapelketetan lehiatu ahal izan zuen.

Hain justu, lesioa osatzeko orain gutxi ebakuntza egin diote Bilbon, eta orain berreskuratzen ari da. «Entrenamenduan izan nuen lesioa. Eskalatzen ari nintzela, mugimendu batean mina sumatu nuen eta segituan jaitsi nintzen», ekarri du gogora Usonek. «Gero, Espainiako selekziorako probak prestatzen ari nintzen, eta fisioterapeutak esan zidan lasai aritzeko, baina ni dena ematen saiatu nintzen, eta azkenean hatza guztiz izorratu nuen». Ezker eskuko erdiko hatzaren lotailuak hautsi zituen, eta hezurrean pitzadura txiki bat egin zuen.

Lesioa osatzeko hiru hilabete eskalatu gabe egon beharko du ibartarrak. Bitartean korrika eta bestelako ariketa fisikoak egiten ariko da, baina hormak ukitu gabe. «Berez, orain da garaia harkaitzean lasai eskalatzen ibiltzeko, gozatzen, baina denboraldiko garai honetan txapelketarik ez dagoenez, orain zen unerik egokiena ebakuntza egiteko». Osatu eta gero ahal duen azkarren berreskuratu nahi du bere maila, Espainiako selekzioaren zailtasuneko probetara aurkezteko. Berriro Europako eta Munduko Txapelketara joateko, beharrezkoa da Espainiako selekziotik aukeratua izatea. Gainera, aurten 18 urte azpiko mailan lehiatu beharko du. «Maila horretan gazteena izango naiz, eta aurten emaitza onak lortzea zailagoa izango da».

HIRU MODALITATE

Txapelketetan hiru modalitatetan lehiatzen dira: abiadura, blokea eta zailtasuna. Abiaduran, 15 metroko horma bat, beti zailtasun berdina duena, ahal den azkarren igo behar da. «Mundu mailan bost segundotan igotzen dute azkarrenek, eta nik bederatzi segundotan lortuta daukat», azaldu du Usonek. Blokeko modalitatea boulderraren berdina da. Sokarik gabe eskalatzen da, eta metro gutxiago izaten dituzte. «Txapelketetan zortzi bat bloke izaten dira eta gehienak egiten dituenak irabazten du. Zailtasun ezberdinekoak izaten dira, eta tartean bloke etzanak izaten dira, oso fisikoak, niretzako ez direnak hain egokiak, ez dudalako fisiko handirik. Hobeto aritzen naiz horma teknikoetan». Zailtasunekoan, sokarekin egiten da eskalada, eta 20 eta 25 metro arteko bideak izaten dira. «Niri gehien gustatzen zaidan modalitatea da», zehaztu du ibartarrak.

Txapelketak rokodromoetan egiten dira, eta Uson astean zehar Azpeitira eta Aretxabaletara joan ohi da, eta asteburuetan Nafarroara edota Frantziara. «Euskal Herriarekin alderatuta, Europan azpiegitura askoz hobeagoak dituzte rokodromoei dagokionez. Frantzian eta Austrian, esaterako, askoz prestatuagoak daude goi mailako lehiaketarako», azaldu du.

Harkaitzean eskalatzea da gehien gustatzen zaiona Usoni, «mendian egotea, lagunekin eskalatzea, gozatzea». Aurreko udan lortu zuen orain arte kateatutako bide zailena. «Hiru asteburu libratzea lortu genuen eta harkaitzetara ihes egin genuen, lehiaketatik deskonektatzeko. Begiratu nahi nuen ea nire marka gainditu ahal nuen, eta Gaubean (Araba) 8b graduko bidea egin nuen, laugarren saiakeran. Hurrengo egunean, 8a mailako bidea kateatu nuen bistaz».

Usonen helburuetako bat egunen batean 9a mailako bide bat kateatzea da. Hori bai, pausoz pauso joango da, eta aurten 8c mailako bide bat kateatu nahiko luke. Etxaurin (Nafarroa) saiatuko da lehen helburu hori lortzen.

PALMARESA

2018

Espainiako Txapelketa. Kadete mailan, 14-16 urte artekoan, abiadura proban lehen postua, zailtasunean bigarren, eta blokean laugarren. Sailkapen orokorrean (overall) lehen postua.

Espainiako Kopa. Zailtasun modalitatean hiru probetan parte hartu zuen, lehenengoan bosgarren postua lortuz eta beste bietan hirugarrena eskuratuz. Sailkapen orokorrean hirugarren izan zen.

Euskadiko Txapelketa. Abiaduran lehen postua, zailtasunean bigarren eta blokean lehen postuan. Sailkapen orokorrean, lehen postua.

2019

Espainiako Kopa. Hirutik bi probatan parte hartu zuen zailtasun modalitatean, seigarren eta bigarren postuak lortuz. Orokorrean seigarren postua eskuratu zuen.

Euskadiko Txapelketa. Bloke modalitatean parte hartu zuen, hirugarren postua lortuz.

Europako Txapelketa. Bloke modalitatean, Portugalen 20. postua eta Austrian 33. postua lortu zuen. Zailtasunean, Suitzan 23., Frantzian 21. eta Austrian 19. postua.

Munduko Txapelketa. Zailtasunean, Italian, bi bide egin zituen, horietako batean 11. eta bestean 44. bukatuz; orokorrean, 32. postua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!