Prestaketa lanetan ari dira Alurr dantza taldearen 25. urteurrenerako

Ataria 2020ko urtarrilaren 16a

Alurren Irradak ikuskizuneko une bat

Ekainaren 5ean Alurr Eguna ospatzearekin batera ospatuko dute taldearen mende laurdeneko urteurrena.

Urteurrena ospatzeko ekitaldiak prestatzen hasiak dira Alurr dantza taldeko kideak. Hogeita bost urte beteko ditu taldeak aurten, eta ekitaldi bereziena ekainaren 5ean egingo dute. Alurr Eguna aprobetxatuko dute, oraingo dantzariez gain, lehendik dantza taldeko kide izan direnak oholtza gainean biltzeko.

Dagoeneko, hasiak dituzte entseguak dantzari ohiek: astearteetan edota asteazkenetan elkartzen dira. Alurren parte izan diren dantzari guztiak elkartzea da asmo nagusia: «Emanaldirako ongi prestatzea baino, elkartzea, ondo pasatzea eta gure garaiak gogoratuz dantza pare bat prestatzea da helburu nagusia».

EKITALDI GEHIAGO

Bestalde, urtarrilaren 31n emanaldia eskainiko du Alurr dantza taldeak Uzturpeko kultur astearen barruan. Aurtengo saioan Alurren historia kontatzen saiatuko dira, eta dantzaz gain antzerkia ikusteko aukera ere eskainiko dute. Horrez gain, otsailaren 7an, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Bizi Dantza ikuskizuna eskainiko dute Belabieta kiroldegian, 18:30ean. Sarrerak salgai daude Lurdes liburu-dendan, Errotatxon, Zubiaurren, Ogi Berrin, Goxobin eta Tolosako Asteasuarran, 7 euroren truke.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!