Emeterio Arrese kaleko asfaltoa eta espaloia berritzen ari dira

Ataria 2020ko urtarrilaren 15a

Irisgarritasuna hobetzeko lanak abiatu ditu Ibarrako Udalak; asfaltoa espaloiaren altuerara igotzea da asmoa eta zazpi aste barru obrak amaitzea aurreikusi dute.

Ibarrako Emeterio Arrese kalea berritzeko lanak abiatu ditu Ibarrako Udalak. Asfaltoa berritu eta irisgarritasun aldetik hobekuntzak egin nahi dituzte.

«Errepideko eta espaloiko egoerak ez dira hoberenak oraintxe», esan dute udalekoek. Izan ere, ur saneamenduaren lanen ondoren lurzorua «kaltetu» egin zen, eta bestalde, etxebizitzetako aparkalekuetarako sarrerek espaloian gora eta behera ibili beharra eragiten dute.

Irisgarritasun baldintza egokiak eskaintzeko, errepidea espaloiaren altuerara igoko dute. Lan horiekin batera, zebrabidea lekuz aldatuko dute. Hori guztia, Emeterio Arreseko frontoitik hasi eta Otarrega kaleko bidegurutzerainoko tartean izango da.

Aurreko astean hasi zituzten obrak. Udalaren aurreikuspenen arabera, eta eguraldiak laguntzen badu, berritze lanak zazpi aste barru amaituko direla esan dute.

OBREN ERAGINA

Lan horiek trafikoan eta aparkalekuetan eragina izango dute, eta Ibarrako Udalak barkamena eskatu nahi die bizilagunei sortu daitezkeen eragozpenengatik. Lanen ordutegia 08:30etik 17:00etara izango da, eta kale horretara garajea duten ibilgailuak soilik sartu ahalko direla esan dute udalekoek. «Ordutegi horretatik kanpo, gainerako ibilgailuak ere sartu ahalko dira, baina aparkaleku gutxiago egongo dira lanak direla eta».

Emeterio Arresen egingo diren asfaltatze lan horietarako lehiaketa Asfaltos Uribe SAk irabazi zuen, ea 97.494,72 eurotan esleitu zaio lana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!