Emeterio Arrese kalearen berriztatze lanekin hasiko dira gaur

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 8a, 10:24
Argazkia: Ibarrako Udala

Ibarrako Udalak jakinarazi duenez, "Emeterio Arrese kaleko errepidea eta espaloiaren egoerak ez dira hoberenak oraintxe, ur saneamenduaren lanen ondoren lurzorua kaltetu egin baizen eta bestetik, dauden aparkalekuetarako sarrerek espaloian gora eta behera ibili beharra eragiten baitute".

Lanak gaur hasiko direla iragarri du udalak: "Asfaltoa berritu eta irisgarritasun aldetik hobekuntzak egiteko lanei ekingo zaie. Atzo, egunean zehar, obrak gauzatzeko prestaketak egin zituzten. Aurreikuspenen arabera eta eguraldia lagun izan ezkero, 8 aste iraungo dute berriztatze lanek".

Errepidea goratu egingo dela iragarri dute udaletik, espaloiaren altueran jarriz. Horrela, irisgarritasun baldintza egokiak eskaini nahi dituzte. Lanen parte izango da baita ere, zebrabidea lekuz aldatzea. Guzti hau, Emeterio Arreseko frontoitik Otarrega kaleko bide gurutzerainoko tartean egingo da.

Lanek trafikoan eta aparkalekuetan eragina izango dute eta "inguruko biztanleei aurrez barkamena eskatu nahi zaie", sortu dakizkiekeen eragozpenengatik. Lanen ordutegian, 8:30etik 17:00etara (lanegunetan), garajea duten ibilgailuak bakarrik sartu eta irten ahalko dira. Ordutegi hortatik kanpora, gainerako ibilgailuak ere sartuko dira, baina aparkaleku gutxiago egongo dira lanengatik.

Emeterio Arresen egingo diren asfaltatze lan hauetarako lehiaketa Asfaltos Uribe S.A.k irabazi zuela jakinarazi du udalak, eta 97.494,72 eurotan esleitu zitzaiola lana. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!