Lauburu KE Ibarra, Gipuzkoako Kopako txapeldun

Ataria 2020ko urt. 5a, 12:29

Atzo arratsaldean, Astigarragako kiroldegian jokatu ziren areto futboleko senior mailako Gipuzkoako Kopako finalak. Mutilen mailan, Lauburuk, 10-2 irabazi zion Idiazabali.

Lehen zatiko zortzigarren minutuan estu zihoazen gauzak, eta markagailuak banako berdinketa erakusten zuen. Hortik aurrera, ordea, Lauburu erabat nagusitu zitzaion Goierriko taldeari, eta atsedenaldirako hiru goleko errenta zuten ibartarrek: 4-1. Bigarren zatian, gol gosez kantxaratu ziren moretxoak, eta horrela, dozena erdi bat gehiago sartu zizkieten goierritarrei. Hauek, 2-5 gerturatu baziren ere, ez zen nahikoa izan ibartarren jokoa aldatu, eta ezustekoan pentsatzen jartzeko.

Iñigo izan zen partidako jokalari onena, lau gol sartu baitzituen. Oihanek bi baloi sareratu zituen, eta Aldalurrek, Saldisek, Juaristik eta Zumetak, berriz, bana.

Laskoraingo neskak, finalerdietan

Atzo finalak jokatu baziren ere, Gipuzkoako Kopako finalerdiak ostiralean jokatu ziren. Mutilek Donostian jokatu zituzten, eta neskek, berriz, Astigarragan. Nesken kasuan, eskualdeko talde bat izan zen: Laskorain. Hauek, ordea, ezin izan zuten ezer egin, gerora txapeldun suertatu zen Ordizia talde indartsuaren aurka. Tolosarrek 6-2 galdu zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!