ARGAZKI GALERIA

Puntualitate kontuak

Naiara Roldan de Aranguiz 2019ko abenduaren 31

Urtebeteko iraupena izango zuela uste bazuten ere, urteetan mantendu den krosa da Ibarrakoa. Gaurkoan VIII. edizioa egin dute Hauspoa elkarteak bultzatuta eta Ibarrako merkatari elkarteko kide guztiek lagunduta.

Haurrak lehenak izan dira urtea korri egiten agurtzen. Urtero-urtero "puntualitate osoz" hasten badira ere, mikrofonoa mintzagai, gaurkoan ezusteko txiki batekin hasi dira. Helmugako arkua apurtuta eta antolatzaile lanetan aritu direnak beste baten bila joan behar izan dira, Iruraraino. Ez da oztopo izan inondik inora korrikalarien festa txikia Ibarran hasteko.

Antolakuntzak behin baino gehiagotan lasterketa posible egiten dutenak eskertu nahi izan ditu, guztira 46 kide eta trafikoaz arduratzen 27. Sarien erantzuleak bestalde Ibarrako merkatari elkarteko kide guztiak. Baina gaurkoan benetako protagonistak 2019a korrika amaitu nahi izan dutenak izan dira.

Txikienak prest, gurasoen kamerak adi, eztarriak animoak luzatzeko bero eta erbi lanetan Onintza Aranalde eta Mikel Sarasola. Honela, korrika amaitu dute urtea, Lehen Hezkuntzako lehen mailako korrikalari trebeenetik hasita helduak bitarte.

16 urtetik gorakoek bost kilometro korri egiteko erronka zuten aurretik. Guztiak herriko plaza izan dute abiatzeko tokia, mikrofonoak atzera kontaketa eginda, ikurrina jaitsita eta etxafueroa botata. Protokolorik ez da falta izan Ibarran.  

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!