Argazki galeria

Ilusioa eta joko ona garaile, Belabietan

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko abe. 29a, 16:24

Goizean, areto futboleko nesken taldeen arteko lagunarteko neurketak jokatu dira, Belabieta kiroldegian. Ibarrako Laubururekin batera, Iruñeko Osasuna Lacturale Orvina, Zaragozako Cesar Augusta eta Kantabriako Muslera klubetako taldeak aritu dira, infantiletan eta benjaminetan.

Gaurkoa ez zen nolanahiko erronka Lauburu K.E-ko arduradunentzat. Lehen aldia zen soilik neskez osatutako taldeen arteko txapelketa antolatzen zutela, eta emaitza oso ona izan da. Lauburuk Euskal Herriko eta Espainiako estatuko klubak gonbidatu zituen parte hartzera. Zaragozako Cesar Augustak infantil eta benjamin taldeak eraman ditu; Iruñeko Osasuna Lacturale Orvina infantil mailako taldearekin joan da; eta Kantabriako Muslerak, berriz, benjamin neskak eraman ditu Ibarrara. Partidak 25 minutukoak izan dira, eta maila bakoitzeko hiru taldeek elkarren aurka jokatu dute.
 
Festa giroa eta aldarrikapena uztartzea ziren gaurko helburuak, eta guztiz lortu dira. Emakumezkoen areto futbola bultzatzeko beste aurrera pauso bat izan da. Harmailak jendez bete dira, eta Kantabriatik nahiz Zaragozatik autobusetan bidaiatu dute jokalariek eta familiek. Gainera, festarekin gutxi ez, eta maila handiko jokalariak ikusteko aukera izan da. Joko garbia nagusitu da, eta golak ere ikusi ahal izan dira. Behin txapelketa bukatuta, Lauburuk gainerako klubak bazkaltzera gonbidatu ditu, Xepla elkartera.
 
Urte berriarekin batera, bestelako helburu batzuei heldu beharko die Lauburuk: Gipuzkoa mailan areto futbola egonkortzea, harrobia sortzea eta emakumeen parte hartze aktiboa bultzatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!