Emakumezkoen areto futbol txapelketa egingo dute igandean

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 23a, 15:22

Abenduaren 29an, igandean, Belabieta kiroldegian jokatuko da txapelketa 10:30ean hasita. Ibarrako Laubururekin batera, Iruñeko Osasuna Lacturale Orvina, Zaragozako Cesar Augusta eta Kantabriako Muslera taldeak ariko dira.

Garazi Arregi Lauburu K.E-ko komunikazio saileko arduradunak azaldu duenez lehen aldia da txapelketa hau antolatzen dutena eta ilusio handiarekin heltzen diote: "Guretzako erronka berria da eta espero dugu dena aurreikusi bezala ateratzea".

Lauburuk Euskal Herriko eta Espainiako estatuko klubak gonbidatu ditu parte hartzera. Zaragozako Cesar Augustak infantil eta benjamin taldeak ekarriko ditu; Iruñeko Osasuna Lacturale Orvinak infantil taldea; eta Kantabriako Muslerak benjamin taldea. Soilik emakumez osatutakoak izango dira. Arregik azaldu duenez, "partidak 20 minutukoak izango dira eta talde guztiek talde guztien aurka jokatu beharko dute". Behin txapelketa bukatuta Lauburuk gainerako klubak gonbidatuko ditu bazkaltzera, Ibarrako elkarte batera.

"Goiz pasa eder bat izango da eta etortzen diren familia eta teknikoei goiz atsegina pasarazi nahi diegu. Festa giroa eta aldarrikapena uztartuko dira", esan du Ainhoa Muñagorri Lauburu K.E.-ko lehendakariordeak. Gipuzkoa mailan areto futbola egonkortzea da klubaren helburu estrategikoa, "bai gizonezkoetan eta baita emakumezkoen aldetik ere". Muñagorrik uste du, ordea, emakumezkoen areto futbolean ez dagoela berdintasun handirik, "ia batere ez". Egoerari buelta emateko iaz eskola bat sortu zuten, "Gipuzkoa mailan harrobia sortzeko eta areto futbolean emakumeen parte hartze aktiboa bultzatzeko".

Asmo horretan lagunduko du abenduaren 29ko txapelketak eta horregatik Agurtzane Arribillaga Ibarrako Udaleko Berdintasun zinegotziari ,"berezia, pozgarria eta eskertzekoa" iruditu zaio Lauburuk egin duen ahalegina. Txapelketa aurkezteko ekitaldian izan dira Lauburuko infantil mailako neskak. Hamar lagunek osatzen dute taldea, baina jokalari gehiago behar dituztela esan dute. "Gurekin aritzera animatu nahi ditugu neskak, beso zabalik hartuko ditugu", esan du Muñagorrik.

Infantil mailan aritzen diren neskek ez dute beste neskekin aritzeko aukerarik, Gipuzkoan ez baitago lehiarik antolatuta. Horregatik izango da okasio berezia igandekoa eta Lauburuko jokalariek, "ilusioz eta indarrez" hartu dute hitzordua. Emakumezkoen areto futbola bultzatzeko beste aurrera pauso bat izango da igandekoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!