Auzoz auzoko bilera saioei hasiera emango diete, gaur, Ibarran

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 11a, 09:54

Azkue auzoko bizilagunen proposamen, iritzi eta kezkak jasoko dituzte, gaur, 19:00etan, gizarte zerbitzuetako lokalean.

Ibarrako Udalak herriko auzoetara bisitak egingo ditu bertako bizilagunekin elkartu, auzoaren beharrak ezagutu eta udalak dituen asmoak partekatzeko. Gaur izango da lehen bilera Azkue auzoko bizilagunekin, 19:00etan, gizarte zerbitzuetako lokalean.


Azkue kaleko 1 eta 12 zenbaki arteko bizilagunak eta Etxanizko 68 zenbakikoak gonbidatu nahi ditu Ibarrako Udalak bilera horretara. Beharrezko ikusten dute auzotarrekin biltzea: «Herria ibartarrek osatzen dute eta garrantzitsua ikusten dugu herritarrek esateko dutena entzutea».

Bilkura horietan, auzoaz arituko dira, eta norbaitek behar edo eskaera pertsonalak hitz egin nahiko balitu, udaletxera gerturatu beharko du; bertan, alkatea, zinegotziak eta teknikariak herritarrekin elkartzeko prest daudela azaldu baitute.

«Auzoan bizi direnek ezagutzen dute hobetoen bertako egoera eta, beraz, bertakoek dakite auzoak zer behar dituen», adierazi du udalak. Honen jakitun, auzotarren ideiak entzuteko «gogoz» dago Ibarrako Udala, bilera saio horietan.

Lehenik eta behin, udalak eskuartean dituen proposamenak luzatuko dizkie auzotarrei; epe laburrera zein luzera begira dituztenak. Horren ondoren, proposamen horien inguruan auzotarrek dituzten iritziak jasoko dituzte, eta amaitzeko, auzoaren beharrak, kezkak eta nahiak ezagutu ahal izateko tartea hartuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!