Ibarrako merkatariek prest dute Gabonen bueltako kanpaina

Irati Saizar Artola 2019ko abe. 11a, 11:58

Olentzero eta Mari Domingiri gutuna idazten dionak aukera izango du Gure Zirkurako sarrerak irabazteko; bestalde, «hiru sari potolo» ere zozkatuko dituzte.

Gabonen bueltan, Ibarrako merkatariek tratua egin dute Olentzero eta Mari Domingirekin. Zaku bana utzi dute herriko dendetan, eta umeentzako gutunak ere banatu dituzte. Hori horrela, herriko haurrek gutunak idatzi beharko dituzte eta saltokietan aurkitzen diren zakuetan utzi, abenduaren 24a baino lehen.

Izan ere, egun horretan, Olentzero eta Mari Domingi plazara iristean, bakoitzak gutun bat hartuko du, eta gutun horiek idatzi dituzten bi lagunei abenduaren 28an izango den Gure Zirkuaren saiorako launa sarrera oparituko dizkiote.

Ibarrako Merkatarien Elkarteak atzo eguerdian egindako agerraldian gogorarazi nahi izan zuen gutun azalean izen abizenak eta telefono zenbaki bat jarri behar direla.

ZOZKETA KANPAINA

Bestalde, urtarrilaren 3a bitarte Ibarrako saltokietan erosten dutenek zozketa batean sartzeko aukera izango dute, eta honako «hiru sari potolo» zozkatuko dituzte egun horretan bertan, 20:00etan: Disneylanderako bidaia 4 lagunentzat, bizikleta elektriko eta tolesgarria, eta urdaiazpiko iberikoa, gazta, ardoa eta xanpaina.

Sari horiek ikusgai daude Zugasti dendako erakusleihoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!