Gazteek Ibarran bizitzen geratu nahi dute galdetegi batean adierazi dutenez

Jon Miranda Labaien 2019ko aza. 29a, 19:59

Ibarrako Udalak banatutako galdeketaren emaitzen berri eman du; Plan Orokorrean jasotakoa «koherentea» dela dio.

Ibarrako Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorrak datozen zortzi urteetan garatzeko 350 etxebizitza berri aurreikusten ditu, zortzi gune ezberdinetan. Herriaren ekialdean, Eskuxarre markorane, Ibaitegi, Ibaigain 6, Argindegi 4 eta Toki Onan; Mendebaldean Gurutzeaga, Elduaran behekoa eta Elduaran goikoan. Bi zonaldeetan modu orekatuan eraikitzea aurreikusten du Plan Orokorrak.

Ibarrako Udalak herritarrak herrian bizitzen jarrai dezaten helburu argia du, Igor Zapirain alkateak nabarmendu duenez. Planean jasotakoa, herritarrek beharrekin bat ote zetorren jakiteko, herriko biztanle guztiei galdetegia helarazi zitzaien irailean, beraien etxebizitza asmoen inguruan jakiteko. «Galdetegiaren erantzunak eta Eustat-eko datuak harremanetan jartzen baditugu, ikusi da aipatutako etxebizitza kopurua egokia dela gazteen beharrak asetzeko eta herriaren garapen ordenatu bat emateko», esan du Zapirainek.

Galdetegia 125 pertsonek erantzun dute eta udalak adierazi duenez, batez ere gazteak izan dira parte hartzaileak. «Erantzunak koherenteak dira eta horrek fidagarritasuna ematen die emaitzei», gaineratu du alkateak. Parte hartzaile guztiei eskerrak emateaz gainera, jasotako erantzunek «planteamendu erreal» bat egiten lagunduko diela esan dute udal arduradunek. «Gainera, galdetegi honen bidez ikusi dugu herriko gazteek bertan bizitzen jarraitzeko gogoa eta asmoa dutela eta horrek gure herriaren etorkizuna bermatzen du, herri bizi bat izaten jarraitzeko».

Dauden beharrei erantzuteko etxebizitza kopuru gehiena lehen lau urteetan egin beharko lirateke, Plan Orokorrak aurreikusten duen bezala. Zapirainek ere adierazi du zein den udalaren nahia: «Orain, eraikitze lanak herriko gune ezberdinetan proportzionalki garatzen joatea da gure asmoa. Hala, herria modu orekatuan hazten joan dadin, ekialdea eta mendebaldea txandakatuz». Alkateak agerraldian gaineratu du, dagoeneko, Gurutzeaga lur eremuan 32 etxebizitza garatzeko tramiteak hasiak direla.

Itziar Agirrezabala udal arkitektoak galdetegian jasotako emaitzen datu esanguratsuenak eman ditu ezagutzera:

%92

JABETZAN NAHI DUTENAK

Alokairuan.Etxebizitza alokairuan nahi duenen eskaera nabarmen txikiagoa da, %12a. 

%46

GURASOEKIN BIZI DIRA

Lehen etxebizitza.Gurasoekin bizi direnen gehienek (%82) jabegoan eskuratu nahi dute lehen etxebizitza. 

225.000

%38 HORTIK GORA

Prezioa.Inkesta erantzun dutenen beste %38k, 150.000 eurotik gorako aukera markatu du eta %24ak kopuru horretatik beherako aukera adierazi du. 

Noiz?

ERANTZUN OREKATUA

Epeak.Heren batek 0-2 urterako nahi du etxea; beste heren batek 2-4 urteko epean; eta azken herenak 4-6 urteko epean. 

%74

HIRU LOGELA ETA BI KOMUN

Tipologia.%20ak bi logeletakoa eskatu du. 

%80

APARKALEKU ITXIA

Aparkalekua.%80ak itxia nahiago du. 

%60

EKIALDEAN NAHIAGO

Zonaldea.Mendebaldean %40ak nahiago du. Gogoko zonaldea eta gehien ordaintzeko prest leudekeena Ibategi da. Jarraian Elduaran, Gurutzeaga eta Malkorrane.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!