Babarrun lapikoak sutan jarriko dituzte Ibarran

Irati Saizar Artola 2019ko azaroaren 28a

Larunbatean babarrun festa ospatuko dute Ibarran. Hauspoa elkartea arduratzen da egun osoko festa antolatzeaz. 09:00etan emango diote hasiera egunari, X. babarrunaren lehiaketarekin.

Antolakuntzak jarriko ditu babarrunak eta ura, eta gainerako tresnak norberak eraman beharko ditu.

Eguerdian, 12:00etan, Euskararen Egunaren harira Galtzaundik martxan jarri duen Hitzolariak egitasmoari egingo diote leku. Hitzak izango dituzte jolasteko ardatz: hitz zaharrak jaso eta berriak sortuko dituzte. Segidan, txapela eta hitz jaurtitze lehiaketa egingo dute. Ondoren, babarrunak jatera eseriko dira mahaiaren bueltara. Sakramentuak ere jango dituzte, eta postrearen ondoren, kantuan aritzeaz gain, babarrun txapelketako sari banaketa egingo dute.

Arratsaldean kantu biran ibiliko dira herrian zehar, eta 20:30ean hasitako afari meriendarekin amaituko dute eguna.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!