Sokatirako 4x4ko txapelak jokoan

Ataria 2019ko azaroaren 22a

Emakumezkoen 240 kiloko mailan eta gizonezkoen 320 kilokoan jokatuko dira finalak bihar Belabietako frontoian.

Euskal Herriko 4x4ko sokatira txapelketako finalak jokatuko dira bihar Ibarrako Belabieta kiroldegiko frontoian. Emakumezkoak 240 kiloko mailan eta gizonezkoak 320 kiloko mailan arituko dira lanean. Kirol ekitaldia 17:00etan hasiko da.

Emakumezkoetan bost taldek parte hartuko dute: Ibarra, Beti-Gazte, Gaztedi, Bizindar eta Antsoain. Ainara Otamendi Elizalde Ibarrako tiralariak azaldu duenez, «emakumezkoen kasuan ligaxka bezala funtzionatzen dugu. Hau da, larunbatekoan hirugarren eguna izango da txapelketakoa, eta Ibarran erabakiko da zein den txapelduna hiru jardunaldietako puntuak batuta». Taldean lau tiralari baino gehiago daude, eta aldaketa izaten dira jardunaldi batetik bestera: «Bai aurrera begira, bai munduko txapelketari begira eta zortziko txapelketari begira, jendea probatzeko eta tiratzeko aukera izateko, jendea aldatzen dugu». Aurretik jokatutako bi jardunaldietan bigarren postuan geratu ziren Ibarrakoak: «Lehen postua lortzeko aukera matematikoki zaila dugu, baina bigarrena defendatzeko aukera dugu, eta hori lortzen saiatuko gara, eta lehenengo doazenei gerra pixka bat ematen».

Gizonezkoetan txapelketan zortzi talde lehiatu dira eta horietatik sei talde sailkatu dira biharko finalerako: Ibarra A, Ibarra B, Beti-Gazte, Gaztedi, Ñapurrak eta Txantrea. Beraz, hauen kasuan bihar zerotik hasten dira finala, eta aurretik lortutako puntuek ez dute balio. Denek denen aurka tiratuko dute finalean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!