"Kartzeletako emakumeen egoera oraindik ere tabu bat da"

Irati Saizar Artola 2019ko aza. 16a, 06:00

Deabruak Kalera Asanblada Feminista osatu berri da Ibarran, eta bihar hasi eta azaroaren 29a bitarte egitasmoak antolatu dituzte Borroka feministarekin kartzelak suntsitzen lelopean. Bihar bertan zabalduko dute Kartzelatik askatasuneraerakusketa, Ibarrako kultur etxean.

Martxoaren 8a antolatzen hasi eta hortik tiraka, Deabruak Kalera Asanblada Feminista osatu dute Ibarran. Bertako kideak dira Gixane Urrestarazu eta Maite Aranalde herritarrak, eta aurrera begira, «ilusioarekin eta indartsu» ikusten dute taldea. Lehen ekitaldi sorta antolatu dute, bihar hasi eta apirilaren 29a bitarte.

Zer dela eta sortu duzue Ibarran asanblada feminista bat?

Gixane Urrestarazu:Duela bi urteko martxoaren 8ari begira herriko emakume batzuk elkartu eta ekintza batzuk antolatu genituen. Iazko greba feministan ere talde hori mantendu egin genuen, eta egun horri begira beste ekintza batzuk egin genituen. Dinamika horrekin jarraitzea aukera ona iruditu zitzaigun eta orain emakume gehiago batu zaizkigu taldera. Ikasturtea hastearekin batera martxan hasi gara, ekintza gehiago prestatzen.

Maite Aranalde: Egitarauan txertatu dugun erakusketa antolatzeko aitzakian, erabilera eman genion aurrez sortutako Whatsapp taldeari eta geratzen hasi ginen, elkartzen, animatzen. Gogoa zegoela ikusi genuen, eta bazegoela aukera. Oraintxe hasi gara ibiltzen, beraz, guztia dugu egiteko.

Momentuz, nola antolatu zarete?

G. U.: Herrian bertan biltzen gara, Txontxoko lokalean. Bilerak hor bertan egiten ditugu, eta ekintzen arabera herriko espazio ezberdinak erabiltzen saiatzen gara, guztiei informazio hori helarazi ahal izateko, modu eraginkor batean.

Asanblada horietan zer da lantzen duzuena?

M.A.: Orain, zehazki, azaroaren 16tik 29ra antolatu dugun egitarauari begira gaude. Oso berria da asanblada izaera hau, eta orduan, gauza asko dauzkagu buruan.

G. U.: Ideiak kronologikoki antolatzen ari gara.

Formakuntzarako tarterik hartuko duzue?

M.A.: Asmoa badugu. Agian, asteko egun bat hartu, geratu eta formatzeko tartea hartu beharko genuke. Gainera, uste dut Durangoko jardunaldi feministen ondoren, oraindik eta behar handiagoa eta gogo gehiago ditugula eztabaidatzeko, formatzeko eta zer bide egin nahi dugun erabakitzeko.

Zein ildo jarraitzen dituzue?

M. A.: Martxoaren 8ko oinarriekin ados geunden emakumeak bildu ginen, beraz, oinarrian ditugu kapitalismoaren, patriarkatuaren, kapazitismoaren, arrazaren, transfobiaren eta homofobiaren aurkako ideiak. Orduan, oinarri horiekin ados dauden emakume guztiek daukate lekua gure asanbladan.

Profil ezberdinetako emakumeak herrian bertan biltzea garrantzitsua iruditzen zaizue?

G. U.: Interesgarria iruditzen zait profil ezberdinak egotea, adin ezberdinekoak, esaterako. Izan ere, azken batean, bakoitzak iritzi ezberdinak dauzkagu eta horren baitan, aurrera begirako konpromiso eta ideia berriak ateratzen dira.

M. A.: Belaunaldi berrikoak erakartzea falta zaigu. Badakigu, ordea, gogoz daudela batzuk.

Emakumeak batuta egoteak ematen dizue ahalduntze sentsazio hori?

M. A.: Ilusioarekin gaude, bai, indarrarekin. Ekarpen bat egin nahi diogu borrokari. Nik uste, oso positiboa dela gure artean sortzen den giro hori.

Herriko beste eragileekin izan duzue harremanik?

G. U.:Azaroak 25ari begira, adibidez, Gaztezulokoekin batera mural bat margotuko dugu. Bide horrekin, gazteak taldera hurbiltzea nahi ditugu, eta gainerakoan, herri mailan, kartelak jartzen ditugunean izango du gure berri jendeak.

M. A.:Gu ari garen sortzeko bide berean, gizon talde bat sortzeko asmoa dago Ibarran. Horiekin ere badugu harremana, eta aurrera begira sendotzeko aukera izan genezake. Ikuspegi feministatik guk ekarpena egin dezakegu, eta haiek ere egin diezagukete.

Eskualdean bada Tolosaldeko Asanblada Feminista ere. Elkartu zarete inoiz?

M. A.: Eskualdekoa denez, parte ere bagara. Azaroaren 25ari begira, adibidez, elkarrekin antolatuko dugu eguna.

G. U.:Martxoak 8aren harira ere jarri ginen haiekin harremanetan, eta interesgarria da, nik uste, harreman horiek sustatzea, denon artean eragiteko.

Egitarauari begira, erakusketa bat zabalduko duzue bihar. Zeren inguruan izango da?

M. A.: Itziar Moreno eta Aitzol Iriondo euskal preso politikoek kartzelan egindako artelanak izango dira ikusgai. Beraien lan horietan asko lantzen dute emakumea eta kartzelaren gaia, baina baita genero binarismoa ere. Gai asko ukitzen ditu, eta hortik lotu ditugu ondorengo ekintzak.

Hurrengo astean Kattalin Miner izango duzue, 'Moio' liburuaren inguruan hizketan.

M. A.: Bai, transexualitatea eta suizidioa bezalako gaiak landuko ditugu. Geroz eta ikusgarritasun handiagoa duten gaiak dira, eta hala izan behar dute, horietaz hitz egin behar dugu; gure kontraesanak atera eta beldurrik gabe landu behar diren gaiak dira.

G. U.: Askotan, bakoitzarentzat gordetzen ditugu hitz potoloak edo direnak, eta mahai inguruan halako gaiak azaleratzea garrantzitsua da.

Azaroaren 26rako 'Emakumea eta kartzela' izeneko mahai ingurua antolatu duzue.

M. A.: Asko lantzen ez den gai bat da. Euskal preso politikoen inguruan emakumeek jasaten duten egoera oraindik ere tabu bat da. Erabat lotuta dago jarriko dugun erakusketarekin, eta parte hartuko dugunak, besteak beste, Ibarrako bi preso ohi izango gara: Eider eta ni neu. Espetxean egondako Katia brasildarra ere gonbidatu dugu, eta Esti Amenabarro euskal preso politiko baten senidea ere bertan izango da. Gaia alde guztietatik ukituko dugu, bai barrutik, bai kanpotik.

Egitaraua ixteko, hilabeteko azken ostirala aukeratu duzue: azaroaren 29a.

G. U.: Egitarauaren amaiera ospatuko dugu egun horretan. Elkarretaratzearen ondoren, Subegi elkartean musika emanaldia antolatu dugu: Intziri taldea ariko da. Hiru emakumek osatutako taldea da, eta horietako bi ibartarrak dira. Kontzertuaren ondoren, afaria eskainiko dugu Subegin bertan.

M. A.: Emakume presoen gaiarekin karakterizatu nahi dugu azken ostiraleko elkarretaratze hori, eta guk antolatuko dugu. Gainera, kontuan izanda Sarek antolatzen duen urtarrileko manifestazioan, emakumeen gaia bereziki landuko dela, motxiladun haurren eta preso gaixoenekin batera, abiapuntua izan daiteke Ibarran gai hori lantzen hastea.

EGITARAUA

AZAROAREN 16TIK 29RA

Itziar Moreno eta Aitzol Iriondoren eskutik Kartzelatik askatasunera erakusketa, kultur etxean. Irekiera, larunbatean 11:00etan.

AZAROAK 19, ASTEARTEA

19:00.Kattalin Minerren Moioliburuaren aurkezpena, kultur etxean.

AZAROAK 25, ASTELEHENA

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna.

AZAROAK 26, ASTEARTEA

19:00.Mahai ingurua: Emakumea eta kartzela, emakumezko preso ohien arteko mahai ingurua, kultur etxean. Rebeka Calvo arituko da moderatzaile lanetan.

AZAROAK 29, OSTIRALA

20:30.Azken ostiraleko elkarretaratzearen ondoren, Intziri taldearen emanaldia, Subegi elkartean.

Ondoren.Afaria Subegin bertan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!