Lauburu Ibarra, Kopako kanporaketa pasatzeko gogoz

Imanol Garcia Landa 2019ko aza. 8a, 19:58

Areto futboleko taldeak asteartean jokatuko du Belabietan, bigarren mailako Zaragozako Colo Coloren aurka.

Aurreko denboraldian lortutako bigarren postuak eman zien areto futboleko Lauburu Ibarra taldekoei Kopa jokatzeko aukera. Iaz txapelketa horretan parte hartu zuten lehen aldiz, eta lehen kanporaketa pasa ondoren, bigarren mailako talde baten aurka gutxigatik galdu zuten. Denboraldi honetan, bere maila bereko San Juanen aurka lehen kanporaketa gainditu ondoren, astearte honetan bigarren mailako Azulejos Moncayo Colo Colo Zaragozako taldea izango dute aurkari. Aurreko urtean sari moduan bezala hartu bazuten ere bigarren mailako talde baten aurka jokatzea, aurtengoan irabazteko asmoz kantxaratuko dira ibartarrak.

«Ilusio handiarekin eta lehiatzeko gogoz gaude», esan du Aitzol Oiarbide Lauburu Ibarrako kapitainak. «Aurtengorako taldea sinestuta dago ahalegin handi bat eginez gero, gai izango ginatekeela irabazteko, eta ondorioz, lehen mailako talde baten aurka jokatzeko aukera izan. Aurreko urtekoarekin alderatuz, ikusten dugu ez gaudela hain urrun». Hain justu, partidaren bila joateko gakoetako bat ideia horri eustea izango da: «Ez dugu pentsatu behar beste taldea askoz gehiago denik, eta nik uste dut gure maila emanez gero aukerak izango ditugula, eta aukera horiek aprobetxatzea izango da helburua».

Orain dela bi urte lortu zuen bigarren mailarako igoera Colo Colo taldeak eta ordura arte Laubururen multzo berean zegoen. Ez zaie, beraz, arrotza egiten aurkaria Lauburukoei. «Talde bikaina da, joko aldetik oso ikusgarria, erasoko jokoa dutena, eta aurten taldea indartu egin dute zenbait jokalarirekin. Bigarren mailako goleatzaileen sailkapenean dauden bi jokalariak taldekoak dira», esan du Oiarbidek. «Asko sufritu dezakegu, baina guk gure aukerei eutsiko diegu».

Iazkoan Madrilgo Rivas taldearen aurka jokatu zuten kanporaketa, eta 1-2 galdu zuten. «Partida oso gogorra izan zen», gogoan du Oiarbidek. «Fisikoki gu baino gehiago ziren, baina azken unera arte egon ginen sartuta partidan. Lortutako emaitzarekin jabetu ginen ez daudela bigarren mailakoak hain urruti. Partida batera edozer gertatu daiteke, eta orduan sinestea falta izan zitzaigun, eta oraingo honetan ea lortzen dugun».

Kanporaketa 20:00etan hasiko da eta zaletuei deialdi berezia egin diete klubetik partidara joateko. «Aukera polita da jendearentzako partida eder bat ikusteko, eta asko eskertuko genuke zaleen laguntza kanporaketa aurrera ateratzeko», esan du Oiarbidek. «Espero dugu iaz gertatu zen moduan, harmailak beteta egotea. Denok gozatu genuen iazkoan eta ea aurtengoan ere gauza bera gertatzen den. Belabietara etortzen den jendeari areto futbola asko gustatzen zaio, eta horrelako partida baten aurrean beti erantzun izan du eta beti bete izan dira harmailak. Espero dugu guk talde bezala erantzutea zaletuek emandako animoei».

Liga ahaztu gabe

Kopako txapelketak bere berezitasuna du, baina Lauburu Ibarrakoek argi dute beraien interes nagusia liga dela. Asteburuan, gainera, partida oso berezia dute, aurkari hirugarren postuan dagoen Guardo Deporcyl taldea izango baitute Belabietan. «Partida gogorra izango da. Oso talde indartsua da, jokalari oso onekin, eta partida zaila izango da», esan du Oiarbidek. «Ligako aurreko postuetan bukatzeko hautagaietako bat da. Ondo hasi da ligan, hirugarren doa, eta nik uste dut bukaeran ere postu horietan izango dela». Partida larunbatean izango da, 18:30ean hasita.

Liga oso parekatua dagoela dio kapitainak: «Lehenengo sei taldeak oso gertu gaude elkarrengandik, eta ikusten da partida batera edozeinen aurka galdu edo irabazi egin dezakezula. Denboraldiaurrea bikaina egin genuen, baina ligaren hasieran pixka bat kostatu egin zaigu tonua hartzea. Azken bi partidekin taldea konfiantzarekin dago eta disfrutatzen ari gara».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!