Bidetxur Kirol Taldea sortu dute Ibarran, zaletasunak batzeko

Irati Saizar Artola 2019ko urr. 30a, 07:52

Mendia gogoko duten herritarrak elkartzea da taldearen helburuetako bat; talde izaera hartzeko, elastikoak atera dituzte eta datozen egunetan jarriko dituzte salgai.

Ibarrako herritar talde bat zaletasun berberak batu du: kirolak, eta, bereziki, mendian lasterka egiteak. Hortik sortu dute Bidetxur Kirol Taldea. Mendizaletasuna duten herritarrak batu eta inguruko mendi zein lasterketetan Ibarra herria presente izan dadin, elastikoak atera dituzte.

Iker Gibelalde herritarra da talde izaera hori sortzen ari denetako bat: «Ikusirik geroz eta ibartar gehiago garela mendiaren bueltan gabiltzanak, bai korrika, bai oinez, bai mendi bizikletan, talde bat eratzea erabaki dugu, helburu desberdinekin».

Bidetxur Kirol Taldearen helburu nagusiena «mendizaletasuna duen jendea elkartzea» da, eta tarteka, entrenamenduak antolatu, lasterketetarako deialdiak egin edota ekintza ezberdin bat antolatzen denean jakinaren gainean egotea da asmoa. «Jende asko ibiltzen gara lasterka, baina bakoitza bere kontura, asmoa elkartu eta talde dinamika bat hartzea da», dio. Horretarako, WhatsApp talde bat eratzea darabiltela buruan azaldu du.

Informazio hori partekatzeaz gain, beste helburu batzuk ere jarri dituzte aurrera begira: «Besteak beste, Uzturpe Ikastolako mendi taldea gidatu nahiko genuke, eta urtean zehar bost bat irteera antolatu ikastolako familientzat. Horrez gain, gaztetxoentzat mendi bizikletarekin irteerak ere antolatu nahiko genituzke, eta aurrera begira, irekita gaude mendiari lotutako edozein proposamen jaso, entzun eta aurrera eramateko».

Horri forma emateko, Ibarra izena eramango duen elastiko bat atera dute: «Talde irudi bat eman eta zein herritako partaideak garen erakutsi nahi dugu».

Dagoeneko elastikoa ikusgai dago Zubiaurre eta Atari tabernetan, eta datorren astetik aurrera egunak, orduak eta tokiak zehaztuko dituzte, kamiseta probatzeko aukera eskaini eta eskaerak egin ahal izateko. Ibartarrak dioenez, «asmoa, kamiseta hori ibartarren artean banatzea da, ez soilik mendian korrika ibiltzen direnen artean, ordea, baita oinez ibiltzen direnentzat edo erosi nahi duen edonorentzat».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!