"Taldean berria izanik, ikastea tokatzen zait"

Imanol Garcia Landa 2019ko urr. 23a, 19:59

Sopela Women's Team taldeak fitxatu du Naia Amondarain (Ibarra, 2001) txirrindularia. Murias Limousin taldean izan da aurten, baina Murias proiektuarekin batera taldea desagertu egin da.

Nola gauzatu zen fitxaketa?

Denboraldi bukaera aldera talde batzuk deika hasi ziren. Oraindik ez nuen oso garbi, junior bezala denboraldia bukatzea nuen buruan eta ez talde batean. Denboraldia bukatuta hasi nintzen familiarekin eta entrenatzailearekin hitz egiten ea hurrengo urterako zer egin, eta azkenean Sopelako taldea aukeratu dut.

Beraz, junior maila bukatu duzu.

Azken bi urteetan aritu naiz jubenil mailan eta hurrengo denboraldian 23 urte azpikoen mailan izango naiz, hau da, elite mailaren barruan dagoen maila.

Zer suposatzen du zuretzat UCIko bigarren mailan dagoen talde batera joateak?

Infantiletatik hor ikusi dudan taldeetako bat izan da. Lehen Lointek izena zuen taldeak. Orain horrelako talde batera salto egitea oso polita iruditzen zait eta ea zer moduz joaten den.

Noiz hasiko zara talde berriarekin lehiatzen?

Denboraldia otsaila edo martxo aldera hasiko da. Pentsatzen dut egun batzuk hartuko ditugula taldeko egonaldia egiteko, elkar gehiago ezagutzeko.

Eta entrenamenduetarako nola moldatuko zarete?

Txirrindularitzan oso zaila da gertuko jendea aurkitzea. Sopelan estatu mailako txirrindulariak gaude, beraz oso zaila da denak toki batean elkartzea. Lehen ere ez nintzen hainbeste elkartzen taldekideekin, baina orain gutxiago.

Zein probatan lehiatzeko aukera izango duzu?

Junior mailan, hemen Euskaldun Trofeoan lehiatu gara eta Espainiako Kopa egin izan dugu. Gero, Espainiako selekzioarekin aukera izan dut nazioarteko kopan parte hartzeko. Sopelak nazioarteko lasterketetan parte hartzeko aukera ematen dit. Aurten Belgika, Herbehereak, Txina eta beste hainbat lekutara joan dira.

Taldean zein izango da zure zeregina?

Oraindik ez gara denok batera egon. Aurten berria izanik ikastea tokatzen zait, eta hori oso argi daukat. Eta ahal dudan heinean nire taldekideei laguntzen saiatuko naiz.

Aurrera begira, ze helburu duzu errepideko txirrindularitzan?

Etorkizunean gustatuko litzaidake lehen mailako talderen batera pasatzea, baina oso zaila dago, eta emakumeen txirrindularitzan are zailago.

Pistari dagokionez, nola lehiatuko zara?

Sopelak ez dauka pistako taldea, baina aukera ematen digu pistan ere lehiatzeko eta jarraituko dut. Adibidez Gipuzkoako Kopan parte hartuko dut.

Eta pistan nazioarteko probetan lehiatzeko aukera izango duzu ?

Orain maila berrian sartzean, 23 urte azpikoetan, zaila izango da Espainiako selekzioan tokia lortzea. Nire aldetik saiatuko naiz ahal dudan ondoen egiten.

Aurtengo denboraldia izan da orain arteko onena?

Juniorreko lehen urtean garaipen gehiago lortu nituen eta Europako Txapelketan izan nintzen errepidean eta Munduko Txapelketan pistan. Aurtengoan denboraldi berezia izan da, ilusio askorekin bizi izan dudana, eta bukaeran Europako eta Munduko txapelketetara bai errepidean eta bai pistan joatea lortzea oso pozgarria izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!