Ibarra Kirol Elkarteak bere urteurrena ospatuko du

Ataria 2019ko urriaren 17a

Berrogeita hamahirugarren urteurrena ospatzeko, bi egunetarako egitaraua antolatu du Ibarra Kirol Elkarteak astebururako.

Larunbatean emango diote hasiera festari. 10:00etan Giroarte taldearen eskutik diana izango dute, eta Karlatz taberna izango da poteoan hasteko lehen taberna. 11:00etan, hamaiketakoa egingo dute taberna horretan, eta kalejiran, Danon Txokoa, Txumitxa, Gaztelubide, San Bartolome plaza eta elkartea pasatuko dituzte. 14:00etan, Urdaiazpikoa moztuko dute eta ondoren, bazkaria izango dute trikitilariek alaituta.

Hurrengo egunerako, iganderako, bola eta toka txapelketak antolatu dituzte. 10:00etan hasiko da izen ematea, eta 10:30ean hasiko dira txapelketak. Izena eman nahi duenak 5 euro ordaindu beharko ditu. Herriko lehen hiru sailkatuek, emakume zein gizonek, eta orokorreko lehen hirurek, saria izango dute. 11:30ean, meza nagusia izango dute hildako elkarteko bazkideen omenez.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!