Ibilbidean aldaketak ditu aurtengo Ibarrako Mendi Duatloiak

Imanol Garcia Landa 2019ko urr. 10a, 19:59

Eskolapioetako aldaparen ordez, Molpoidokoa igo beharko dute parte hartzaileek.

Ibarrako IX. Mendi Duatloia izango da jokoan larunbatean. Goizean haurren txanda izango da eta arratsaldean helduak izango dira protagonista. Helduen proba luzearen ibilbidean aldaketak izango dira. «Askori Eskolapioetako aldapa astuna egiten zitzaien, eta hori kendu nahian beste aldapa bat sartu dugu», esan du Juan Zubia antolakuntzako kideak. «Aldapa txikiagoa da, Molpoidokoa, eta gero biala azpitik pasako dute, tunel batetik, eta ondoren Tolosako hilerri aldera joango dira».

Proba luzea 16:10ean hasiko da, Ibarrako plazatik. Hasteko 5 kilometro egingo dituzte korrika, bizikletan 17 inguru eta bukaeran 2,5 kilometro korrika. Proba hori egiteko antolatzaileek ikusi zuten prestatuta egon behar dela. «Pixka bat ibiltzen denak sufritu egiten du. Korrika nahiko gogorra da eta bizikletan ere bai, eta orduan pentsatu genuen proba herrikoia egitea, gutxi gorabehera proba luzearen erdia dena. Eta zati teknikoenak eta gogorrenak kendu egiten dizkiogu», esan du Zubiak.

16:00etan hasiko dira proba herrikoia egiten. Korrika 2,5 kilometro egingo dituzte, ondoren 6 kilometro bizikletan, eta gero korrika 1,5 kilometro. «Jendea animatzen da, ez luzean adina, eta 25 parte hartzaile inguru izaten dira. Bere burua probatu nahi duena ateratzen da, eta agian hurrengo urtean luzean ateratzen da». Proba herrikoian 14 urtetik gorakoek parte hartu dezakete, eta luzean 16 urtetik gorakoek.

Ibarrako proba Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituan sartuta dago, eta horrek, antolakuntzari dagokionez hainbat erraztasun ematen dituela dio Zubiak: «Zirkuituan egoteak lanak asko errazten digu. Materiala beraiek ekartzen dute: markak jartzekoak, boxak, asegurua beraiek egiten dute eta babesleak ere proba guztientzat berdinak dira. Bakarrik geratzen zaigu Ibarrari tokatzen zaiona, anoa puntuak adibidez». Boluntarioak lortzea, hori bai, antolakuntzakoei dagokie. «Urtero saiatzen gara jende berria animatzen, eta jendea gaztea ere bai, behar diren lanetan parte hartzeko», esan du Zubiak.

Bi probak, bai herrikoia eta bai luzea bikoteka egin daiteke, herrikoian aurten lehenengo aldiz. Izena kirolprobak.comwebgunean eman daiteke aurretik, eta proba luzean banaka 15 euro dira eta bikoteka ateratzen direnak 25 euro; motzean, 12 euro banaka eta 15 euro bikoteka. Egunean bertan ere eman daiteke izena, baina prezioak bost euro igotzen dira.

HAURRAK, GOIZEAN

Haurren probak «ilusio handia» egiten diola esan du Zubiak: «Dena emanda aritzen dira proban». 11:00etan hasten dira 7 eta 8 urtekoak, eta horien ibilbidean ez dute mendirik izaten. 9 eta 10 urtekoek aurrekoen baino distantzia luzeagoa izaten dute.

Pixka bat gogorragoa da 11 eta 13 urte artekoen proba. «Hauei mendia sartzen diegu eta teknika gehiago behar da bizikletan. Aldapa gogorrak ere sartzen dizkiogu», esan du Zubiak. Azken adin tarte honetako parte hartzaileei aurten, berritasun moduan, bakarka edo binaka egiteko aukera emango diete. «Helduen proban arrakasta izaten du binaka parte hartzeak, hau da, batek korrikako partea egitea eta besteak bizikletakoa. Pentsatzen dugu modu horretara gaztetxo gehiago animatuko direla».

Izena egun berean eman behar da, eta 10:30ean aukera izango da plazan jarriko den mahaian horretarako. Aurreko urteetan ehun haur inguruk eman izan dute izena, eta, ohi bezala, eguraldiak parte hartze kopurua baldintzatuko du. «Mendi duatloi txikiaren helburua, hain justu, txikitatik mendi duatloia promozionatzea da eta gero ea animatzen den helduetan ere parte hartzen», esan du Zubiak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!