Hondakinen kudeaketa hobetzeko eskatu dute

Irati Saizar Artola 2019ko urr. 4a, 08:59

Ibarrako Udalak, gutun baten bidez, hondakinen kudeaketa egokia egiteko eskatu die Azkueko auzotarrei. 

Azkue auzoa «herriko puntu beltzetako bat» bihurtu dela esan du Ibarrako Udalak, «hondakinen kudeaketa desegokia» dela eta, auzotarrei banatu zaien gutunean. «Ibarrako hiri hondakinen kudeaketa egokia egitea ezinezkoa da, gaur egun, hainbat herritarrek hartutako jarrera pasiboaren ondorioz», aipatu dute.

Azkue auzoari begira jarri da udala, eta etxez etxe gutun bana bidali die auzotarrei, «hondakinen kudeaketa on bat» egin dezatela eskatzeko. «Egunero zabor poltsak lurrean uzten dira, horrek dakartzan osasungarritasun eta garbitasun ezak kontuan hartu gabe», azaldu dute.

Udalak duela bi urte egin zuen hautua hondakin organikoa eta errefusa dagozkien edukiontzietan txartel bidez birziklatzeko, eta, aurten, maiatzaren 8an,edukiontziak irekitzeko ordutegia zabaldu egin dute, «proba gisa eta arazoari irtenbidea emateko asmoz». Emaitzarekin, ordea, ez dira oso pozik agertu udal gobernuko kideak: «Ez da horrela izan, are gehiago, ontzien eta papera eta kartoien edukiontziak uneoro irekiak daude eta hondakin frakzio horiek ere lurrean uzten dituzte herritar batzuk, nahastutako beste hondakin frakzioekin batera».

Hiri hondakinen udal ordenantzako 34.3 artikulua aipatu dute gutunean, izan ere, artikuluaren arabera, «edozein hondakin mota ez arriskutsu kontrolik gabe utzi, bota edo deuseztatzea arau hauste oso larria da». Toki Erakundeko titularrak hala erabakiz gero, 45.000 euro bitarteko isuna izan dezake.

Beraz, hiri hondakin guztiak egoki sailkatzea eta bakoitza dagokion edukiontzira botatzea eskatu dute, «guztion artean bizikidetza on bat lortze aldera».

Txartelak jasotzeko aukera

Gutunean bertan, Ibarrako Udalak gogorarazi du erabateko disposizioa dutela jaso gabe edo galduta dauden hiri hondakinen edukiontziak irekitzeko txartelak emateko. Txartel hori oraindik jaso ez duenak, udaletxeko bulegoetara joan beharko du, eta galdu zaionari, txartel berria emango zaio euro baten truke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!